Konponbiderako, euskal presoen egoera irauli beharraz ohartarazi dute

Espetxe politika aldatzeko premia aldarrikatu dute ehunka lagunek Durangon, manifestazioa eginda

Ehunka lagun bildu ziren atzo Durangon, manifestazioan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Amnistiaren bidean, kaleak bete kartzelak husteko leloaren atzean, presoen egoerak berehala zeharo aldatu behar duela ohartarazi zuten ehunka eta ehunka lagunek atzo Durangoko kaleetan. Euskal gatazkari «irtenbide justua aurkitzeko eginahalean» Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozial ari direla ziurtatu zuten, protestaren amaierako ekitaldian, Bizkaiko Egin Dezagun Bidea mugimenduko kideek; bide onean ari dela lanean, baina badela arriskutsua den gabezia bat: presoen gaiari ez zaiola behar bezala heltzen ari.

Gatazkaren amaiera behin betikoa izan dadin oinarri sendoen gainean eraikia izan behar duela ohartarazi dute. Hortaz, «arretaz» begiratu behar zaiela gatazkaren «sorburuei eta ondorioei». «Horrek, besteak beste, euskal preso politikoen egoeraz hitz egitera garamatza», adierazi dute.

Gaiari heltzearen premiaz Euskal Herriko zein Espainiako hainbat eragile eta alderdi ohartu direla diote mugimenduko kideek. Eta giza eskubideen alorrean diharduten nazioarteko eragileek ere premia horrekin bat egin dutela. Hortaz, presoen egoera agenda politikoan egon badagoela diote.

Urratsen premia

Baina urratsak behar direla ohartarazi dute. «Argi daukagu, amnistiaren bidean, espetxe politika konponbidearen gakoetara ekarri behar dela». Munduan konpondu diren beste gatazka batzuei erreparatu diete ondorio horretara iristeko. Irlandako eta Hego Afrikako adibideak gogoratu, eta preso zein iheslariek konponbiderako prozesuan parte hartzea ezinbestekoa izango dela azaldu dute; herri horietan ere berebiziko garrantzia izan zutela konponbiderako.

Baina presoen gaia agenda politikoan egon badagoen arren, espetxe politikak bere horretan jarraitzen duela salatu dute; oinarrizko eskubideak urratzen dituela oraindik. Espetxealdiak luzatzea, gaixo dauden presoak ez askatzea eta sakabanaketa mantentzea dituzte froga. «Larritasun handiz bizi ditugun egoerak dira, urgentziaz konpondu beharrekoak». Txus Martin presoa aipatu dute.Oso gaixo dagoen arren preso mantentzea «ulergaitza» dela esan, eta, Martin zein larri gaixo dauden gainontzekoak berehala eta baldintzarik gabe askatzeko eskatu dute.

Herritarrei zein gizarte eragileei, mugitzeko esan diete. Presoen egoerak bere horretan jarraitzen duenez, «eskaerak indartzeko garaia» dela ohartarazi dute, eta, horretarako, «preso eta iheslarien aldeko borrokan inplikatu» daitezela eta horretarako sortutako herri bilguneetan parte har dezatela eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.