"Iragarritako espektatibatik urrun dago". Hala adierazi dio Foro Sozialak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboari, azken hilabeteetan espetxe politikan izandako mugimenduen inguruan —hurbiltzeak eta gradu aldaketak izan dira, gehienbat—. Agus Hernan koordinatzailea Alboloteko espetxean izan da (Granada, Andaluzia, Espainia), Jon Olarra Guridi eta Ainhoa Mujika Goñirekin. Azkeneko urtebetean laugarren bisita izan da gaurkoa. "Espetxe politika orokorraren inguruko azterketa partekatuan sakondu dugu, eta, oro har, euskal gatazka delakoaren ondorioen eta egindako minaz presoek egin beharreko aitortzaren inguruan", zehaztu du Foro Sozialak, ohar batean.
Espektatibak oraingoz ez direla bete, eta egoera horrek "euskal jendartearen zenbait sektorerengan frustrazioa eragin" duela aitortu du Foro Sozialak. "Bereziki, presoen senideak pairatzen ari diren birbiktimizazioarekin kezkatuta dago Foro Soziala".
Dena den, bi aldeak ados dira gaur egungo "akordio politiko eta soziala konponbiderako premiazko agenda delakoan" dagoela jasota. Hau da, bost lan esparru lehenetsiko dituztela 2019an ere: gaitz larriak dituzte presoak eta 70 urtetik gorakoak; Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeak; lehen gradutik bigarrenerako garapena; Frantzian betetako zigorrak batzea; eta espetxe eskumenen trasnferentziak.
Foroak esan du EPPK-k berretsi duela prest dagoela "espetxe politikaren diseinuan eragile aktiboa izateko, ekarpenak eginez eta konpromisoak hartuz". Kolektiboaren arabera, "adosten ez den diseinu orok porrot egin dezake. EPPKk baditu heldutasun eta konpromiso nahikoak gauden testuingurua ulertzeko eta, horren ondorioz, konponbiderako espazioetan ekarpena egin ahal izateko”.