Aldarri eta salaketa berarekin, manifestazioa antolatu dute Donostian datorren larunbaterako, AAMko kide Joxean Agirrek atzo azaldu zuenez. 17:00etan abiatuko da protesta ekimena Bulebarretik, Mikel Zabalza gogoan, torturatzaileak alde hemendik! lelopean. Zabalzaren heriotzaren urteurrena dela-eta, asteon Donostiako Altza eta Herrera auzoetan izango diren ekimenetara ere deitu zituen herritarrak.Euskal Herrian torturaren erabilera ez dela ez gertakari isolatua ez iraganeko praktika salatu zuen Agirrek. «Zabalza torturapean hil zuten 1985ean. Urte hartatik hona, 3.500 tortura salaketa inguru jarri dira». Hainbat euskal herritar ere torturapean hil zituztela salatu zuen, eta aurten jada 51 salaketa jarri direla gaineratu. «Tortura errealitate bat da Euskal Herrian; eta ez Askatasunak diolako, hor daude urtero NBEk, Amnesty Internationalek, CPTk eta TATek ezagutarazten dituzten txostenak ere». Erakundeok praktika hori amaitzeko hamaika neurri proposatu dituztela, baina Euskal Herrian torturaren erabilera «indartu eta egokitu» egin dela esan zuen, «Espainiako Estatuak ezartzen duen zapalketa estrategiarako beharrezkoa delako».
Torturaren «izen-abizenak»
Torturaren erabilerak izen eta abizenak dituela esan zuen Agirrek, eta horien artean aipatu zituen Guardia Zibila, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile, fiskal eta auzi-medikuak, «salbuespenezko legeen egileak, kazetari askoren ezaxola, agintariek banatzen dituzten indultu eskandaluzkoak eta politikari profesionalen isiltasuna». Horiek guztiek torturari «inpunitate jokalekua» ematen diotela iritzi zion.
«Konponbide demokratikoa posible izan dadin, torturatzaileek gure herria utzi behar dute. Hainbeste sufrimendu jasanarazi duten torturatzaileen presentzia ez da bateragarria denon neurriko jokaleku demokratiko berri baten eraikuntzarekin». Tortura behin betiko amaitzeko, Estatuen «esku-hartzea indargabetzeko», eta Zabalzarena zein euskal herritar askoren «tragedia» errepika ez dadin, manifestaziora deitu zituen herritarrak.
Mobilizazioak
Mikel Zabalzaren heriotzaren 20. urteurrenaren harira, honako ekimenak antolatu dituzte:
Gaur: Bideo emanaldia izango da Donostiako Herrera auzoan, 19:30ean.
Etzi: Hitzaldia izango da Kasares kultur etxean, 19:30ean.
Ostiralean: Omenaldia egingo diote Zabalzari, 19:00etan, Altza gaineko frontoian.
Larunbatean: Manifestazioa izango da Donostian, 17:00etan Bulebarretik abiatuta eta Mikel Zabalza gogoan, torturatzaileak alde hemendik! lelopean.