Baigorriko polizia operazioaren ostean berretsi die ETAk nazioarteko eragileei "bere konpromiso guztiei" eusteko asmoa, azalduz "horiek betetzeko gaitasuna" baduela. ETAren ustez, azken hilabeteetako polizia operazioek "konponbideak behar dituen oinarriak kaltetzea" dute helburu, "konponbide aukeraren beraren beldur baitira Euskal Herriarentzat inongo proposamen politiko zuzenik ez dutenak".
"Agertoki berriak eraikitzeko konpromisoari" eutsiko dio erakundeak: "Behin baino gehiagotan adierazi bezala, Euskal Herriaren askatasuna helmuga duen ziklo politikoa indar osoz azkartzeko unea da, eta etorkizuneko proiektu berritu baten alde indarrak metatzeko. ETAk ez du erronka horri modurik egokienean heltzeko baldintzak erraztea baizik egingo".
Frantziako Gobernuari Madrilen jarrera "arduragabearen alde erabat lerrokatuta" egotea egotzi dio: "Sinesgaitza da armak eta armategiak kontrolik gabe geratzeko arriskua dakarren jokabidearekin horrela bat egin izana".
"Edonola ere, bere ibilbidearen zati handiena egina duen ETAk jakin badaki, ondo jakin ere, non dagoen Euskal Herriarentzat etorkizuneko erronka nagusia: Euskal Estatura eramango gaituen herri prozesu politikoaren egituraketan. Ezkerreko independentistek ekarpen erabakigarria dute egiteko horretan denetan, konfiantzarekin, batasunarekin eta ausardiarekin", amaitu du.