Espainiako Konstituzioa eta estatu eredua aldatzeari "beldurrik ez" dio EAJk, Andoni Ortuzar EBBko presidentearen hitzetan. Are gehiago, EAJ "bigarren trantsizio bat eskatzen denbora asko daramala" nabarmendu du alderdiko buruak, Sabino Aranaren heriotzaren 111. urteurrenaren harira Sukarrietan (Bizkaia) egindako ekitaldian. Hori bai, "Euskadiren ezaugarri bereizgarriaren" onarpena jarri du Ortuzarrek baldintza gisara, Estatu mailan akordiorik sinatuko bada: "Aldatzeko, has gaitezen gauzei bere izenarekin deitzen: nazioei nazio deitzen. Eta Euskadi nazio bat da".
Kataluniako auziaren harira Espainiako Konstituzioaren aldaketa proposatu du PSOEk, eta eztabaida horretan izango lukeen jarrera azaldu zuen atzo Ortuzarrek. Horretaz gain, EAEko autogobernua sendotzearen alde ere egin zuen, "ezpata eta Goma2 zaratarik ez dagoela" baliatuz. "Garai berria" baliatzeko deia egin zuen hala Ortuzarrek, "trantsizioa modernizatzeko".