Konstituzioa aldatzen bada, laugarren xedapen iragankorra kenduko duela berretsi du Raxoik

Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentariak nafarrei euren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea kenduko ote dien argitzeko eskatu dio Raxoiri. Programan zeramala proposamen hori eta nafarrek hori bozkatu dutela erantzu dio Raxoik Barkosi, eta "foruen Nafarroa eta Nafarroa espainiarrengan" sinesten duela. Uxue Barkosek erantzun dio: "Edo foruen Nafarroa edo Nafarroa espainiarra".

2011ko abenduaren 20a
14:56
Entzun

Talde mistoaren txandan Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentariak ere hitz egin du gaur goizean Espainiako Kongresuan, eta Raxoik atzo egin zuen hitzaldia entzun ostean "berzentralizatzeak" kezkatzen duela esan du. Bizkor hitz egin du Barkosek talde mistoan Amaiur egoteak parte hartzeko bere denbora murriztu baitu. Barkosek Raxoiri bere jarrera argitzeko eskatzeko baliatu du bere txanda: "Benetan kenduko al diezu nafarrei euren etorkizun politikoa erabakitzeko? 2005ean foruak zaharkituak zeudela esan zenuen, horrekin esan nahi duzu ez duzula nafarren foru legea onartuko?", galdetu dio Barkosek laugarren xedapen iragankorra gogora ekarriz. Raxoik, erantzunea, berretsi egin du Konstituzioa aldatzen bada, kendu egingo duela.

PPko gobernuburugaiak argudiatu du laugarren xedapen iraunkorra kentzea bere hauteskunde programan zuela jasota, eta nafarrek horren alde bozkatu zutela. "Foruen Nafarroa eta Nafarroa espainiarrengan" sinesten duela gaineratu du Raxoik, eta bat egin du Carlos Salvador UPNko parlamentariarekin, hori laugarren xedapen iragankorra kentzearen alde agertu ostean. Nafarroaren izatearen eztabaidak luze joko lukeela esan du, baina zehaztapen bat egin dio Raxoiri: "Edo Foru Nafarroa, edo Nafarroa espainiarra".

Gutxiengoak hizpide

Barkosek Nafarroako eskuduntzak eta erabakitzeko eskubidea defendatuko duela esan du, baita euskara ere. Bere txikitasunetik esan dio gutxiengoak integratzen baditu arrakasta izango duela, eta integratzen ez baditu, porrot egingo duela. Ez dirudi, ordea, jarrera integratzaile hori bere egingo duela Raxoik. Izan ere, Valentziako diputatu bat kexu agertu denean talde mistoan hitz egiteko denbora gutxi duelako, Raxoik esan du PPn 185 diputatu daudela inbestidura saioan hitz egiteko aukera izango ez dutenak. Talde mistoko alderdi txikienei PPren nagusitasuna gogorarazi die, diputatu kopurua eta boto kopurua, bai Galiziakoei baita Valentziakoei ere. Barkosi bere errespetua adieraziz hasi da erantzuten.

Gainerakoan espetxe politika ezohikoa dela gogorarazi dio Barkosek Raxoiri, eta Erkorekak lehenago egin bezala Nafarroako Parlamentuak atzo presoen aldeko mozioa aho batez onartu zuela esan du. Castejongo zentral termikoa eta Bardeetak tiro eremua ere mahai gainean jarri ditu Barkosek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.