politika

Konstituzionala gaurtik aurrera hasiko da Sorturi buruzko helegiteak aztertzen

Auzitegiak ez dauka epe jakinik ezker abertzaleko alderdia legeztatu edo ez erabakia hartzeko. Sortuk azaroaren 20ko hauteskundeetan parte hartzeko, urriaren 7a baino lehen erabaki beharko luke Konstituzionalak. 

2011ko irailaren 20a
09:44
Entzun

Estatuaren abokatuak atzo aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean Sortu ezker abertzaleko alderdiaren defentsaren babes helegitearen aurkako alegazioen idazkia, Fiskaltzak gaur aurkeztuko du —azkeneko egunean—, eta Konstituzionala gaurtik aurrera hasiko da gaia aztertzen, Sortu legeztatzeko edo ez erabakitzeko.

Ez dauka epe jakinik erabakia hartzeko baina, azaroaren 20an Espainiako hauteskundeak izango direla kontuan hartuta, baliteke azkar ebaztea. Alderdi hark azaroaren 20ko hauteskundeetan parte hartzeko, urriaren 7a baino lehen erabaki beharko luke Konstituzionalak. 

Estatuaren abokatuak bere idatzian dio Sortu eta ETAren artean ez dagoela urruntzerik. "Ez da egon urruntze, arbuio eta gaitzespen adierazpenik". 

Joan den marrtxoaren 23an Auzitegi Gorenak Sortu ez erregistratzea erabaki zuen, eta alderdiaren abokatuek horren kontrako helegitea sartu zuten Konstituzionalean maiatzaren 18an, legez kanporatzea "badaezpadakoa" izan delakoan.

Goreneko 61eko aretoko bederatzi epailek bat egin zuten Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak inpugnazioetan aurkeztutako tesiarekin; alegia, Sortu ezker abertzaleko legez kanpoko alderdien "segida" dela. Zazpi magistratu Goreneko gehiengoaren erabakiaren kontra azaldu ziren, eta boto partikularra eman zuten.

Sortuk aurtengo otsailaren 7an aurkeztu zituen bere estatutuak, Bilbon, Euskalduna jauregian egindako ekitaldian. Handik bi egunera joan zen Madrilera, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioan erregistratzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.