Auzitegi Konstituzionalak atzo kaleratutako epaiak dioenez, «ETAk eta Batasunak iruzur egin eta Sortu instrumentalizatu dutela ezin da frogatutzat eman». Hala ere, ez da erabat fio ezker abertzalearen alderdi berriarekin, eta Sorturi beste inori ez bezalako baldintzak jarri dizkio legezko egoerari eusteko, «legez kanporatzea saihesteko ahaleginen pilatutako esperientzia ikusita».
Hona hemen baldintzak:
Biktimak parekatzea. «Indarkeria terrorista eta Zuzenbide Estatuaren zilegizko inkarkeria parekatzen dituzten adierazpenak» egitea debekatuta dauka Sortuk. Estatuaren bortxa hori «Estatuko segurtasun indarrek erabiltzen dutenean, delitu terroristen arduradunak jarraituz, atxilotuz eta epaileen esku jarriz». Epaile eta Auzitegiek «berme guztiekin egindako prozesu justu batean» zigortatutakoekin ere ezingo dira parekatu «terrorismoaren biktimak». Agiri «anbiguoak» onartezintzat jo ditu «Estatuaren eta terrorearen arteako ekidistantzia duten konpromisoak» badituzte.
Biktima eta presoen mina parekatzea. «Terrorismoaren biktimek jasandako sufrimendua edo terrorismoa erabili edo justifikatu dutelako daukan arduragatik espetxe zigorra betetzeagatik aldi batean bizitako atsekabe efektua plano berean jartzea» onartezina dela dio Konstituzionalak.
«Xantaia terrorista». «Terrorismoari zilegitasuna aitortzea» ere debekatuta dauka ezker abertzalearen alderdi berriak, batez ere, helburu politikoak lortzeko bada, edo «xantaia» gisa erabiltzen denean, «presio politiko eta sozialaren» bitartez, eta «bide baketsu eta demokratikoetatik aparte».
«Terroristak goratzea». «Ekintza terroristak» egin dituztenak «gorestea edo biktima zein heroi gisa aurkeztea» Sortu legez kanpo uzteko beste arrazoi bat litzateke, Konstituzionalarentzat. Presoak izan daitezke pertsona horiek. Biktimak edo beraien familiakoak «gutxietxi edo umiliatzen» dituzten ekitaldiak ere ezingo dira egin. Konstituzionalak larritzat jotzen du instituzioetan daudenek jarrera hori «baimendu eta onartzea» ere.
«Konstituzio ordena gutxiestea». «Ordena Konstituzionala gutxiestea» ere galerazita daukate Sortuko kideek: «Demokratikoki onartutako legeak ez betetzera bultzatzea, erakunde terroristei mesede egiteko helburuarekin». Talde «terroristak» diruz sustengatzea ere galarazita daukate.