Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdi gisa inskribatzeko eman zuen debekuaren aurka alderdiak aurkeztutako babes helegitea Auzitegi Konstituzionalak atzo aztertuko zuela espero zen, baina ez zen hala izan. Konstituzionalak aste honetarako dituen eginbeharren gai zerrendan jasoa duen arren, gaia ez zuen lehen saioan aztertu. Auzitegiak ez du zehaztu noiz helduko dion lanari, baina gaur edo bihar izango dela jakinarazi du.
Elisa Perez Vera epaileari egokitu zitzaion alderdi berriari buruzko epaiaren txostena egitea, eta idazki hori izango dute eztabaidarako oinarri Konstituzionaleko epaileek. Hain zuzen, Bilduk udal eta foru hauteskundeetan parte hartzearen alde bozkatu zuten epaileetako bat da Perez Vera.
Sortu alderdi politikoen erregistroan sartzearen aurkako erabakiari aurre egiteko babes helegitea Iñigo Iruin abokatuak aurkeztu zuen Konstituzionalean. Urtebete igaro da ordutik, eta auzitegia ez da oraindik gaia aztertzen hasi. Iruinek helegitean azaldu zuenez, Sorturi alderdi gisa eratzea debekatu izana Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da. Elkartzeko eskubidea urratu dela dio; zehazki, Konstituzioak 6. artikuluan jasotzen duena: alderdi politiko bat sortzeko eskubidea. Gorenak «behin-behineko legez kanporatzea» egin zuela dio, eta horrek «estatu konstituzionala bera arriskuan jarri duela».
«Prozesua ez da geldituko»
Juanjo Agirrezabala EAren legebiltzarkideak Sortu alderdien erroldan sartuko den esperantza agertu du; «ez dago hala ez izateko inolako arrazoirik». Edozein kasutan, kontrakoa gertatuta ere, «prozesua ez da geldituko», ohartarazi du.
Konstituzionalak gaur edo bihar helduko dio Sorturen helegiteari
Gorenaren debekuaren aurka Sortuk aurkeztu zuen babes helegitea atzo aztertzekoa zen, baina ez zuen aztertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu