Espero zen Konstituzionalak atzo aztertuko zuela Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdi gisa inskribatzeko emandako debekuaren aurka alderdiak aurkeztutako babes helegitea, baina ez zen hala izan. Gaur zuen beste hitzordu bat, baina gaur ere ez du aztertu. Biharkoa da asteko azken eguna Konstituzionalarentzat. Auzitegiak aste honetarako dituen eginbeharren gai zerrendan jasoa du Sortu ezker abertzaleko alderdiaren helegitearen azterketa.
Elisa Perez Vera epaileari egokitu zitzaion alderdi berriari buruzko epaiaren txostena egitea, eta idazki hori izango dute eztabaidarako oinarri Konstituzionaleko epaileek. Hain zuzen, Bilduk 2011ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzearen alde bozkatu zuten epaileetako bat da Perez Vera.
Sortu alderdi politikoen erregistroan sartzearen aurkako erabakiari aurre egiteko babes helegitea Iñigo Iruin abokatuak aurkeztu zuen Konstituzionalean. Urtebete igaro da ordutik, eta auzitegia ez da oraindik gaia aztertzen hasi. Iruinek helegitean azaldu zuenez, Sorturi alderdi gisa eratzea debekatu izana Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da. Elkartzeko eskubidea urratu dela dio; zehazki, Konstituzioak 6. artikuluan jasotzen duena: alderdi politiko bat sortzeko eskubidea. Gorenak "behin-behineko legez kanporatzea" egin zuela dio, eta horrek "estatu konstituzionala bera arriskuan jarri duela".
"Prozesua ez da geldituko"
Juanjo Agirrezabala EAko eusko legebiltzarkideak Sortu alderdien erroldan sartuko den esperantza agertu du; "ez dago hala ez izateko inolako arrazoirik". Edozein kasutan, kontrakoa gertatuta ere, "prozesua ez da geldituko", ohartarazi du.