Konstituzionalak gaur ez du erabakirik hartuko 'Parot doktrinari' buruz

Gaur hasi dira deliberatzen, baina erabakirik hartu gabe amaitu dute bilera, bihar jarraitzekotan.

2013ko azaroaren 19a
16:33
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaur bildu da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrinaren kontra epaia eman zuenetik doktrina horri buruzko aurreneko erabakia hartzeko asmoz. Iñaki Fernandez de Larrinoa Perez de Luko gasteiztarraren auzia aztertu dute, hain justu. Baina ez dute erabakirik hartu, eta bihar jarraituko dute deliberatzen. Espero da kasu horrekin markatuko duela irizpidea Auzitegi Konstituzionalak mahai gainean dituen 30 helegite ingururen erabakia hartzeko.

Bestetik, ez dago jakiterik Auzitegi Nazionaleko sekzioek noiz erabakiko duten eurei dagozkien kasuez. Aurrena fiskaltzaren txostenak jaso behar dituzte, eta ez dute uste txosten horiek esku artean izandakoan luze joko duenik erabakia hartzeak.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak atzo baieztatu zuen, Guardia Zibilaren Viceko polizia etxean (Herrialde Katalanak), ETA "garaitua" izan dela. Haren ustez, horixe berretsi du Estrasburgoko auziak "ETAko kideak eta bortxatzaileak parekatu izanak".

Iñaki Oiartzabal EAEko PPren buruak, berriz, nabarmendu zuen EAEko PPk ez duela fanatismoz jokatuko eta ez duela muturreko jokaerarik izango. "Zentzuz jokatuko dugu", esan zuen atzo, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.