Konstituzionalak irailaren 20tik aurrera erabaki ahalko du Sorturi buruz

Sortuk azaroaren 20ko bozetan parte hartu ahal izateko, erabakiak urriaren 7a baino lehenago iritsi behar du

Pello Urzelai.
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Sortu alderdiaren legeztatzea argitzeko dagoen kontu bat da. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku dago: hari dagokio Sortuk Auzitegi Gorenaren debekuari jarritako babes helegitea aztertu eta erabakia hartzea. Auzitegi Konstituzionalak nahiko denbora du erabakia garaiz hartzeko, Sortuk azaroaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan parte hartu ahal izan dezan. Prozeduraren epeen arabera, Auzitegi Konstituzionalak irailaren 20tik aurrera hartu ahal izango du erabaki bat, ordurako alegazio guztiek aurkeztuta egon beharko dutelako. Erabakia urriaren 7a baino lehenago iristen bada, garaiz iritsiko da, Sortuk parte har dezan azaroaren 20ko hauteskunde prozesuan.

Sorturen defentsak maiatzaren 18an aurkeztu zuen babes helegitea Auzitegi Konstituzionalean. Sorturen kasuan, Espainiako Konstituzioaren bi artikulu urratu zirela argudiatu zuen, zehazki, elkartzeko eskubidea jasotzen duena (22. artikulua) eta alderdi politiko bat sortzeko eskubidea jasotzen duena (6. artikulua).

Auzitegi Konstituzionalak ez du epe jakinik horrelako babes helegite bat tramitatzeko, eta gehienetan hilabeteak edo urteak pasatzen dira auzi bat tramitatzen hasi arte. Baina, kasu honetan, azkar jokatu du. Auzitegi Konstituzionalak ekainaren 27an onartu zuen Sorturen babes helegitea tramitatzea. Horrekin batera, Auzitegi Konstituzionaleko bigarren aretoak hamar egun eman zizkien Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari auziaren parte izan zitezen. Tramite hori eginda,uztailaren 11n, alde guztiei hogei egun eman zizkien, babes helegitearen inguruko alegazioak aurkezteko. Auzitegietan abuztua ez denez kontuan hartzen, epe hori irailaren 7an zen amaitzekoa. Baina fiskalak epea luzatzeko eskatu zion tribunalari, auziaren konplexutasuna argudiatuta. Auzitegi Konstituzionaleko bigarren salak bakarrik hamar egun luzatzea onartu du. Ondorioz, egunak lanegunak direla kontuan hartuz, alde guztiek irailaren 20rako aurkeztu beharko dituzte alegazioak. Beraz, irailaren 20tik aurrera, Auzitegi Konstituzionalak deliberatzen hasi eta erabakia hartu ahal izango du. Horretarako epe jakinik ez badu ere, espero da kontuan hartuko dituela Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako epeak, parte hartzeko eskubideari kalterik ez egiteko.

Bi aste erabakitzeko

Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak, Zapaterok iragarri bezala, heldu den azaroaren 20an egingo dira; eta hauteskunde deialdia, legez, 54 egun lehenago argitaratu behar da Espainiako Buletin Ofizialean. Kasu honetan, irailaren 27an argitaratuko da hauteskunde deialdia. Tramite horren eguna hauteskunde epeen abiapuntua da. Deialdia argitaratu eta hamar egunen buruan, hauteskundeetan parte hartu nahi duen koalizio batek Hauteskunde Batzordeari jakinarazi behar dio. Hau da, Sortuk koalizio batean parte hartuz aurkeztu nahi izango balu, koalizio horren berri urriaren 7a baino lehen eman beharko litzaioke Hauteskunde Batzordeari, eta tramite hori egiteko, legeztatuta egon beharko luke. Beraz, Auzitegi Konstituzionalak bi aste izango ditu epaia emateko. Nahiko denbora izan daiteke, kontuan hartuta Bilduri buruzko erabakia 48 orduan hartu zuela. Oinarrizko eskubideak jokoan daudela kontuan hartuz, logikoena da bi asteko epe horren barruan ebaztea.

Sorturen legezkotasunari buruzko erabakiak garrantzi handia izango du datozen hauteskundeetan, ezker abertzaleari era zuzen batez eta berdintasunez parte hartzeko aukera eman ahal diolako. Halaber, hautagai kutsatuei buruzko eztabaida alde batera uzteko bidea emango luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.