Felicia Itoiz 88 urteko lizoaindarra kalean utzi nahi du Gotzaintzak. Prozesua etenda dago, etxeko sarraila aldatu behar zuen langileak atzo uko egin baitzion etxe kaleratzean parte hartzeari. Babesa ematera joandako lagunek txalo eta besarkada artean ospatu zuten erabakia.
Etxe kaleratzea eten du epaileak. Nola zaude oraintxe?
Ongi ez. Triste nago, 36 urte daramatzadalako etxe honetan. Senarrak eta biok zaharberritu genuen, geure eskuekin. Gure bizitza osoa dago hemen. Ez dut ulertzen Elizaren jarrera. 89 urte beteko ditut abenduan, eta orain hasi naiz fedea galtzen. Ez erlijioan, baina bai hemengo Elizan. Hori esanda, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak deituta, honaino babesa adieraztera bildu den jendetza ikustea oso hunkigarria izan da. Kirioak dantzan jarri zaizkit.
Alternatibarik eskaini al dizue Artzapezpikutzak?
Ez. Bere garaian, etxea erosten saiatu ginen, baina Artzapezpikutzak ezezko borobila eman zigun. Eta azken hilabeteetan, ez digute errenta kobratu nahi izan. Harremanak eten nahi dituzte. Aurrez aurre hitz egin nuen [Francisco Perez] gotzainarekin, baina ez zidan azalpenik eman. Alokairu kontratua eten behar zutela, eta besterik ez zegoela. «Eta, mesedez, ez zaitez berriro itzuli», esan zidan.
Zer eginen duzue orain?
Mendillorrira joanen naiz ni, han bizi den seme baten etxera. Eta nirekin bizi zen beste semeari gela bat alokatuko diote lagun batzuek.