suteak

Kontrolpean daude suteak

Sopelako sutea itzali dutela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Sute asko izan dira, Bizkaiko eta Nafarroako hainbat herritan bereziki. Haize indartsuak zaildu egin ditu garrei aurre egiteko ahaleginak. Gaur haizea bareago ibiliko dela iragarri dute meteorologoek.

Berango eta Sopela arteko Unbe mendiko sutea, atzo. ARITZ LOIOLA, ARGAZKI PRESS
Ainhoa Oiartzabal - Arantxa Iraola
2015eko abenduaren 29a
07:17
Entzun

Berangon (Bizkaia) 200 hektarea erre direla eman du jakitera Bizkaiko Foru Aldundiak. Bart eman dute amatatutzat, baina badaezpada ere gertutik ari dira zaintzen sutea izaniko eremua. Bart eginiko euriak zein haizea gelditu izanak lagundu die suhiltzaileei sutea kontrolpean hartzen.

Arantzakoa (Nafarroa), berriz, kontrolpean daukatela adierazi du Nafarroako Gobernuak. Bi helikopteroetatik ura bota dute sua izan den eremura eta guztia busti dute. Bart Artikuntzan aritu dira zainketa lanetan, han baitzegoen berriro ere sua berpizteko arrisku gehien.

Berangon eta Arantzan zabaldutako suteek sortu zituzten, bereziki, atzo eta herenegun arazo ugari, baina gehiago ere izan ziren. Bilboko Arraiz mendian, esaterako, sute bat izan zen igandean, eta Bizkaiko beste hainbat herritatik ere jaso zituzten suhiltzaileek abisuak; Leioa, Ispaster, Gatika eta Leioatik, besteak beste. Gipuzkoan, Ataunen eta Deban suteak izan ziren, eta Igantzin (Nafarroa) asteburuan piztutako sua berriz piztu zen atzo. Iragan abenduaren 15etik hainbat sute izan dira Ipar Euskal Herrian ere: Makean, Aintzilan, Bankan eta Ezterenzubin, esaterako. Mendi erretzeek eragin dituzten gertakariengatik 160 bat hektarea erre dira asteotan. Egoeraren larriaz ohartarazita, Pirinio Atlantikoetako prefeta Pierre-Andre Durandek urtarrilaren 4ra arte mendi erretzeak debekatzea erabaki du.

Haizea oso zakar ibili da egunotan: atzo iluntzera arte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezarritako alerta laranja indarrean egon zen, baita Aemet Espainiako agentziak Nafarroarako ezarritakoa ere. Suak amatatzeko lanak nabarmen zaildu ditu horrek. Bestelako arazoak ere sortu dituzte haize ufada bortitzek egunotan: Loiuko aireportuan (Bizkaia), esaterako, lurreratu ezinik geratu ziren atzo hainbat hegaldi, halakoa zen haizearen indarra. Lehorteak ere eragina du; azaroaren amaieratik ia euririk ez du egin, eta bazterrak idor daude.

Mendietakoetatik aparte, izan dira bestelako suteak ere egunotan; atzo goizaldean etxe batek su hartu zuen Funesen (Nafarroa). Ez zegoen inor ere barruan garrak piztu zirenean, baina bertan bizi zirenak etxera sartzen ahalegindu ziren etxea sutan ikusi zutenean, eta ke handia zegoenez, intoxikatu egin ziren. Erietxera eraman behar izan zituzten bi lagun.

Eguraldi aldaketa

Meteorologoen arabera, gaur haizea bareago ibiliko da, eta datozen egunetan euria ere egingo duela uste dute. Horrek nabarmen urrituko du sute arriskua. Kantauriko kostako beste hainbat tokitan ere sute handiak izan dira egunotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.