Hondakinak

Kontrolpeko edukiontzietan jasoko dituzte hondakinak Tolosan

Kontainer berdearen ordez, sarbide kontrolatua duten bina edukiontzi txikiago jarriko dituzte gune bakoitzean: bata marroia, organikoa biltzeko, eta bestea grisa, errefusa biltzeko.

Sistemaren aurkezpeneko irudia, gaur. A. CANELLADA, ARP
Oihan Vitoria.
2014ko apirilaren 11
10:41
Entzun

Zaborra kontrolpeko edukiontzietan jasoko dute Tolosan (Gipuzkoa). Hala jakinarazi du Ibai Iriarte alkateak. Herrira egokitutako sistema dela ziurtatu du: "Herritarren beharretara ondoen moldatzen den sistema da; erabat malgua. Sortu den gatazkari konponbidea emateko balioko du". Hilaren 29ko udalbatzan proposamena onartzea espero du Iriartek: "Ez genuke ulertuko aukera hau atzera botatzea".

Azaldu duenez, erabiltzaile bakoitzak txartel bat izango du txip bidezko edukiontzietara organikoa eta errefusa botatzeko; edukiontzi marroia astean lautan ireki ahalko da, eta grisa, berriz, behin. Software sistemak erabileraren jarraipena egiteko aukera eskainiko duela nabarmendu du, eta, era horretan, herritarren "anonimotasuna" bermatuko dela. Iriartek uste du, gainera, eredu "berritzailearen" bitartez gutxieneko birziklatze tasak (%60 eta %70 artean) lortuko dituztela. Kopuru horietara iritsi ezean, atez ateko bilketa sistema ezartzeari ez dio atea itxi. Alkatearen ustez, eredu berria ez da birziklatze datu onenak eskaintzen dituena, baina gutxieneko helburuak lortuko dituztela dio.

150 pertsonako edukiontzi bat jartzea aurreikusten du udalak. Atez ateko sistemarekiko herrian zabaldu den "izua" amaitzea espero du Iriartek. Ekonomikoki erabat bideragarria dela gaineratu du, eta herritarrei "erantzukizunez" jokatzeko eskatu die: "Ardura norberaren etxean dago. Ohitura kontu bat da. Eskura dugun dena egingo dugu, herritarren artean birziklatzea sustatzeko. Kutsatzea ez da aukera bat". Tolosako alkateak adierazi du Aste Santuko oporren ostean informazio saioak abiatuko dituztela, sistema berriaren nondik norakoak herritarrei azaltzeko eta edozein zalantza argitzeko.

Kontrolpeko edukiontzien sistema uda ostean martxan jarri gura du udalak, betiere, hilaren 29ko udalbatzan proposamena onartzen badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.