Carles Puigdemontek bere alderdiko zazpi kontseilari izango ditu, eta ERCk proposatutakoak izango dira sei —horietako bi, Junts Pel Siko independenteak—. Hiru arlo nagusitan banatu du gobernua: arlo ekonomikoa, soziala eta instituzionala. Arlo bakoitzak buruzagi bat izango du, eta gainerako kontseilariak arlo horien arabera banatuko dira. Neus Munte gobernuko bozeramailea (CDC) presidentetzarako kontseilaria izango da, eta arlo sozialaren ardura izango du. ERCk, berriz, garrantzi estrategikoko postuak hartuko ditu, beste bi arloen ardura izango baitu. Batetik, Oriol Junqueras alderdiko burua presidenteorde izango da, eta, horrekin batera, Ekonomia kontseilaria ere bai. Beraz, gobernuaren buruzagiordea izateaz gain, prozesuaren erronka handienetako baten ardura duen sailaren buruzagitza hartu du; izan ere, Kataluniako ogasuna sortzeko ardura izango du Ekonomia Sailak. Hirugarren arlo nagusia, berriz, instituzionala, ERCk proposatutako hautagai batek hartuko du: Raul Romeva Junts Pel Siko zerrendaburuak. Romevaren ardura izango da, besteak beste, atzerri politika.
Oriol Junqueras i Vies, Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun departamentuko arduraduna.
Neus Munte i Fernandez, Presidentetzarako kontseilaria.
Raul Romeva i Rueda, Atzerri, Harreman Instituzional eta Gardentasunerako kontseilaria.
Meritxell Borras i Sole, Antolakuntza, Administrazio Publiko eta Etxebizitzarako kontseilaria.
Meritxell Ruiz i Isern, Hezkuntza kontseilaria.
Antoni Comin i Oliveres, Osasun kontseilaria.
Jordi Jane i Guasch, Barne kontseilaria.
Josep Rull i Andreu, Lurralde eta Iraunkortasun kontseilaria.
Santi Vila i Vicente, Kultura kontseilaria.
Carles Mundo i Blanch, Justizia kontseilaria.
Dolors Bassa i Coll, Lan, Gizarte eta Familia kontseilaria.
Jordi Baiget i Cantons, Enpresa eta Ezagutza kontseilaria.
Meritxell Serret i Aleu, Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura kontseilaria.
Joan Vidal de Ciurana, Gobernuko idazkaria.