Kontseilu Nagusia auzitan jarri du AHTaren bide berriaren aurkako taldeak

Tours-Bordele zatia pagatzeko aurrekontua bozkatzeko orduan dokumentu batzuk gorde direla dio CADEk

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Pirinio Atlantikoetako departamenduko Kontseilu Nagusiaren aurka jo du auzitara Urdazuri-Bidasoak, AHTaren bide berriaren aurka den elkarteak. AHTaren Tours-Bordele zatia ordaintzeko aurrekontua bozkatzeko orduan dokumentu batzuk gorde izana gaitzesten du elkarteak. Hain zuzen, dokumentuei loturiko eranskin batzuk eskas ziren, ez zirenez publiko eginak. Horien berri nahi izanez gero, RFF konpainiaren egoitzara joan beharko zen, baimena ukanez gero. Epaileak aurrekontu erabaki hori ezeztatuko duela espero dute AHTaren bide berriaren aurkakoek, Victor Pachon CADE elkarteko lehendakariak atzo egin prentsaurrekoan zehaztu zuenez.

Apirilean, 79 milioi euroko aurrekontuaren alde agertu ziren 32 kontseilari, hiru aurka eta bi abstenitu zirelarik. Hamabost kontseilari nagusik ez zuten parte hartu bozketan, horien artean Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak eta Jean Jacques Lasserre Forces 64 alderdiko kontseilari nagusiak.

CADE, Behatokitik kanpo

AHT zirkulazioaren behatokia martxan baldin bada, horretarik kanpo da CADE, nahiz behin baino gehiagotan kide izatea galdetu. Gogor salatu zuen bazterketa hori Jose Lavictoire CADEko kideak. Hain zuzen, bideak «artifizialki betetzeko» asmoz, RFFk garraio kopuruari buruzko zifrak «oraino faltsutuko» dituztela dio.

Hori dela eta, mobilizazioak aurrera segitzen duela argi utzi zuten, ondoko protesten berri emanez. Larunbatean, Mugerreko (Lapurdi) trinketean finkatua dute ordua. Besteak beste, NO TAV mugimenduak Val de Susanen (Italia) antolaturiko protestan CADEko ordezkaritza bat egonik, han egindakoaren berri emanen dute. Urriaren 16an Uztaritzen (Lapurdi) ere mobilizatuko dira, eta, iaz bezala, abenduaren 10ean manifestazio handi bat eginen dute.

Gasteizen epaituak izanen diren AHTaren aurkako sei auzipetuei elkartasuna erakutsi zieten, AHTaren aurkakoen «kriminalizazioa» gelditzeko exijituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.