Euskararen normalizaziorako euskarari estatus egokia ezartzea ezinbestekoa da, Kontseiluaren ustez. «Normalizazio prozesuan hartu beharreko neurriek legezko oinarria izan behar dute», argudiatu du Kontseiluko lehendakari Oskar Elizburuk.
Hizkuntza politika «berriak eta eraginkorrak» jartzeko garaia dela argi dute Kontseilua osatzen duten erakundeek. Horregatik, datozen hamar urteotarako hizkuntza politikak izan beharko lituzkeen oinarriak aurkeztu dizkiete alderdi politikoei.
«Ausardiaz jokatzeko» deia egin die alderdiei Kontseiluak, eta proposamen zehatzak egin dizkie. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko eskatu die, benetako garapen funtzionala lortzeko. Horretarako, «transmisioa, irakaskuntza eta helduen euskalduntze-alfabetatzea indartu behar dira», azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Halaber, Bilbaok azpimarratu du esparru sozialak euskalduntzea ezinbestekoa dela euskararen normalizazioa sendotzeko, eta aisialdia eta eremu sozioekonomikoa aipatu ditu. Izan ere, azaldu duenez, «hizkuntza bat normalizatzea gizartea bera aldatzea da». Kontseiluak dio portaeretan eta pentsamenduetan eragin behar dela horretarako.
Euskararen normalizazio prozesuan politika zehatzak behar direla nabarmendu du Bilbaok. «Funtzio sozial guztiak euskaraz garatu behar dira euskaraz bizitzeko». Gogorarazi du hizkuntz eskubideak oinarrizko eskubideak direla, eta azpimarratu du horiek bermatzea instituzioen zeregina dela. Ohartarazi du oraindik ere zenbait eremutan hizkuntz eskubideen urraketa gertatzen dela. Horregatik, «urraketa sistematikoa» bukatzea dute helburu Kontseiluak egindako proposamenek. Horretarako, hizkuntz eskubideak garatzeko neurriak proposatu dituzte.
Bestalde, euskara normalizatzeko baliabideen kudeaketa egokia egiteko eskatu die Kontseiluak alderdiei.
Aurreko urteetan ez bezala, aurten, alderdiek hauteskunde egitarauak aurkeztu aurretik jaso zituzten proposamenak, uztailean. Horrela, hauteskunde kanpainako programak egokiagoak izateko aukera eman nahi izan dietela esan du Elizburuk. Adierazi du oraingoz ez dituztela aztertu alderdien programak.
Kontseilua: «Euskarak estatus egokia behar du»
Datozen hamar urteotarako hizkuntza politikak izan beharko lituzkeen oinarriak proposatu dizkie Kontseiluak alderdi politikoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu