Kontseilua: «Euskarak garai berrian ez dauka dagokion garrantzia»

Politikoki eragitea erabaki du, normalizazio politikoa hasten ari den garai honetan euskara erdigunean egon dadin

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian garai berria hasi da azken hilabeteotan; zurrunbilo berri horrek, eragile politiko guztiak euren posizioak berriro definitzera behartu ditu», azaldu du Paul Bilbaok, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak. Zurrunbilo politiko horrek euskal gizartea beste agertoki baten aurrean jarriko duela uste du Kontseiluak; baina «garai berri» horretan euskarak ez duela «dagokion zentralitatea» hartu, hori ere zehaztu du Bilbaok. «Euskarak behar duen garrantzia izan dezan lan egingo du Kontseiluak», horretarako politikoki modu eraginkorrean eraginez.

Hori izan da Kontseiluaren urteroko batzar nagusiak iritsi dituen ondorioetako bat. Atzo bildu zen batzarra, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Hego Euskal Herrian iaz egindako foru eta udal hauteskundeak ere gogoan izan dituzte kontseilukideek. Alderdi politikoekin ere bilerak egin dituzte azken hilabeteetan, eta «lankidetzarako ateak zabaldu» egin direla adierazi du Bilbaok.

Beraz, orain «esatetik egitera» igarotzeko momentua dela ohartarazi du: «Teorian diseinatutako hizkuntza politika eraginkorra abian jartzeko aukerak zabaldu dira orain; normalizazio prozesua bizkortzeko unea da». 2010ean udaletako hizkuntza politiken azterketa egin zuen Kontseiluak, eta horretan oinarrituz urratsak egiten hasi behar dela azaldu du.

Iazko urterako, euskaraz bizitzeko nahian indar handiagoz eragiteko konpromisoa hartu zuen Kontseiluak, eta aurten ere lan horretan jarraitzeko asmoa agertu du batzarraren ostean. Horren harira aurkeztu zuen iaz Euskaraz bizi nahi dut kanpaina, eta kulturgile eta kirolari zenbaiten atxikimenduak jaso. Zeregin horretan ere lanean jarraitzeko asmoa du: «Dinamikak zabala izan nahi du, arlo ugaritara zabaltzeko helburua du».

2000. urtean eratu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, eta era askotako talde, elkarte eta enpresak batzen ditu. Kontseiluko bazkide osoak dira, besteak beste, honakook: AEK, BERRIA Taldea, Bertsozale Elkartea, Elhuyar Fundazioa, Elkar, Emun, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea, Euskal Herriko Ikastolak, Euskal Konfederazioa, IKA, Jakin, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Topagunea eta Udako Euskal Unibertsitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.