Kontseiluak aurrekontuen %2 eskatu dio euskararentzat Eusko Jaurlaritzari

2007ko aurrekontu proposamenak «huts nabarmenak» dituela nabarmendu du

Anakoz Amenabar.
2006ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Eusko Jaurlaritzak datorren urterako prestatu duen aurrekontu proiektua aztertu du, eta euskara sustatzera bideratutako dirua oso gutxi dela ondorioztatu du. Aurkeztutako aurrekontuetan %1,3 besterik ez da aurreikusten euskararentzat, eta euskararen normalizazioak hori baino gehiago behar duela nabarmendu du Kontseiluak. Horregatik, gutxienez aurrekontu osoaren %2 euskara sustatzera bideratzeko eskatu dio Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari.

Euskararen normalizazioa aurrera eraman ahal izateko «baliabideen hazkundea ezinbestekoa» dela adierazi zuen atzo Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak, Gasteizen eginiko agerraldian. «Hizkuntza politika eraginkorrak babes ekonomikoa behar du euskararen normalizazioan atzera egin nahi ez bada». Zentzu horretan, Kontseiluak nabarmendu du, esaterako, Hezkuntza Sailak datorren urtean egin beharreko hizkuntza ereduen erreforma aurrera eraman ahal izateko baliabide ekonomiko nahikorik izango ez dela.

Kontseiluaren arabera, Jaurlaritzak 2006an izan zituen aurrekontuekin alderatuta, %14ko igoera izan du 2007koak. Hala ere, hazkunde hori sail batzuetan baino ez da eman. Izan ere, Garraio Sailak %18,8ko igoera izan duen bitartean, Kultura Silak %2,7koa baino ez du izan, hau da, ez du KPIri dagokion %2, 9ko igoera ere izan. «KPI bera handitzen ez denean, erosmena galtzen den neurrian atzera egitea da», esan zuen Mendigurenek.

Gainera, Kontseiluko ordezkarien ustez, 2007ko aurrekontuek 2006koen antz handia dute. «Horien jarraipena dela esan genezake; are gehiago, bereziki azpibaloraturik gelditzen dira beste sail batzuk izan duten igoera handiarekin konparatuz».

Hala, EITBk Kultura Saileko aurrekontuaren erdia jasotzen duela gogoratu zuen Mendigurenek. «Eta bi telebista kateen arteko desberdintasun handia kontuan hartuz, gaztelania edo euskara sustatzen ari ote den zalantza dugu. ETB2ri diruaren parte handi bat esleitzen baitzaio». Telebista lokalei dagokienean, berriz, proiektu horien garapenerako dirurik ez dela aipatu zuen Iñaki Lasa Kontseiluko arlo politiko-instituzionaleko arduradunak. «Epe laburrean errealitate izango diren arren, eta proiektu bat gutxienez iragarri bada ere, ez da dirurik aurreikusten». Lurreko telebista digitala sustatzeko 500.000 euro baino ez dituzte aurreikusi, eta Kontseiluak uste du diru partida hori beste bi milioi eurotan handitu beharko litzatekeela.

Euskarazko hedabideentzako iaz baino 500.000 euro gehiago jasotzen badira ere, sektoreak dituen beharretatik oso urrun dagoela oraindik ekarpen hori nabarmendu du Kontseiluak. «Gure ustez, kontzeptu horretan milioi bat euro gehiago behar da. Kopuru hori gaur egungo prentsaren iraunkortasuna bermatzeko ezinbestekoa da». Hala ere, Konseiluaren ustetan, produktu berrien inguruko azterketa egin behar da sektorearen inplikazioarekin eta horrek inbertsio berriak ekarri behar dituela gaineratu du.

Era berean, Osakidetza eta Ertzaintza euskalduntzeko diru poltsa nabarmen agertzen ez dela gogoratu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak. Bi sailetan euskalduntze plana abian egon arren, aurrekontuetan horren gaineko informazioa «garden» agertzen ez dela nabarmendu zuen. «Ertzaintzaren kasuan, adibidez, planaren ebaluazioa ez da ezaguna. Ez dakigu zer egin den edota jarrita zituzten helburuak lortu diren».



HIZKUNTZA EREDUEN ERREFORMA. Bestalde, Hezkuntza Sailak otsailean Eusko Legebiltzarrean, eskolak euskalduntzea xede, aurkeztuko duen erreforma dela eta, aurrekontuetan aldaketarik nabaritzen ez dela azpimarratu zuen Mendigurenek. «Badakigu edozein erreforma aurrera eramateko baliabide ekonomikoak ezinbestekoak direla eta ez dira ageri baliabide horiek. Azken batean dirua ezinbestekoa baita horrelako erreformaeriotasunez aurrera eraman nahi bada».

Hezkuntzarekin batera, euskararen normalizaziorako lan munduaren euskalduntzea ere estrategikoa dela aipatu zuen, eta horretan ere aurrekontuetan ez dela igoerarik sumatzen aipatu zuen. «Datorren urterako aurrekontu hauetan hutsune hori nabarmen ikusten dugu eta beraz guk hor diru esleipen handiagoak behar direla esaten jarraituko dugu». Jaurlaritzak hurrengo urterako 2.420.000 euro gorde ditu enpresak euskalduntzeko, baina Kontseiluaren irudiko, diru partida hori bikoiztu egin beharko litzateke, hau da, 2.500.000 euro gehiago beharko lirateke.

Beste hainbat arlotan ere, igoerak oso txikiak izan direla nabarmendu dute, hala nola, euskaltegien kasuan. «Lan baldintzak oraindik ez dira parekatu irakaskuntzan aritzen diren gainerako profesionalek dituztenekin eta helburu hori lortzeko kopuruak handitu egin beharko lirateke».

Aipatutako hutsune horien ondorioz, Kontseiluak euskararen normalizaziorako urratsak ematearren alderdi politikoei hainbat zuzenketa proposatu dizkio. Diru partida bakoitzean behar den igoera azalduz, 2007an euskararen normalizazioak behar duen sustapen ekonomikoari aurre egiteko ekarpena zuzendu die alderdi politikoei. «Izan ere, honen atzean ez daude zenbakiak bakarrik. Normalizazio prozesua ikusteko moduak daude, non eta nola inbertitu behar den zenbaki horien bitartez».



«Zenbakien atzean normalizazio prozesua ikusteko modua dago, nolaeta non egin behar den»

iÑaKI LASA
KONTSEILUKO ARLO POLITIKOKO ARDURADUNA




«Edozein erreforma aurrera eramateko baliabideak ezinbestekoak dira, eta ez dira horiek inon ageri»

XaBIER MENDIGUREN
KONTSEILUKOIDAZKARI NAGUSIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.