euskara

Kontseiluak dio 2010ean "jauzi berria" eman behar dela euskararen normalizazio prozesuan

Euskararen Gizarte Erakundeak urteko batzar nagusia egin du gaur, Durangon. Kontseiluaren bilgune izaera indartu behar dela azpimarratu dute bazkideek.

2009ko azaroaren 28a
14:37
Entzun
Kontseilua Euskararen Gizarte Erakundearen ustez, euskararen normalizazio prozesuan "jauzi berria" eman behar da datorren urtean, "prozesua sakonduz eta azkartuz". Helburu hori jarri du gaur Durangon (Bizkaia) egindako urteko batzar nagusian. 45 elkarte bazkidek osatzen dute Kontseilua, eta haietako hainbat izan dira Landako Elkartegiko batzarrean.

Bazkideek Kontseiluak urteotan egindako ibilbidea berretsi dute, eta erakundearen bilgune izaera indartu behar dela ere azpimarratu dute. "Euskal Herri osoko euskalgintzaren bilgunea da Kontseilua eta euskalgintzaren gehiengo zabala elkartzen da bertan. Horrek indar handia ematen dio Kontseiluaren jardunari, ordezkatzen duen jendarte eremu zabalarengatik", adierazi du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Dei egin dio Eusko Jaurlaritzari "bere hizkuntza politikaren iparra markatuko duen Euskara 21 hausnarketaren ondorioak euskalgintzarekin kontrastatu eta adosteko".

Kontseiluak azaldu du hurrengo urtean ere eragite sozialean eta politiko-instituzionalean ariko dela, "urrats berriak eginez".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.