Euskara

Kontseiluak dio "euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina" dela

Eusko Jaurlaritzaren IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza orokorren balorazioa egin du. “Iparraldean euskara galbidean dago, Nafarroan erritmo honetan 834 urte beharko ditugu eta EAEn 175 urte". Neurriak proposatu ditu euskararen normalizazioa azkartzeko.

2008ko uztailaren 11
16:47
Entzun
“Inkesta Soziolinguistikoaren datuen arabera, euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina da”. Hala esan du gaur Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza orokorren balorazioa egitean. “Iparraldean hizkuntza galbidean dago, Nafarroan erritmo honetan 834 urte beharko ditugu gizarte euskalduna izateko eta EAEn 175 urte".

Izan ere, Kontseiluak azpimarratu duenez, Iparraldean euskaldunen bi heren 30 urteko epean galdu egingo dira, Nafarroan azkeneko hamabostean euskaldunen kopurua %1,6 baino ez da hazi eta EAEn %6.

Neurriak

Euskararen normalizazioa "azkartu" behar egin behar dela uste du Kontseiluak, eta horretarako honako neurri hauek hartu beharko liratekeela:

- "Euskararen estatusa erdarak duenarekin berdindu behar da.

- Euskararen estatusa erdarak duenarekin berdindu behar da.

- Euskaldunon hizkuntz eskubideak babestuko dituen corpus juridikoa osatu behar da.

- Hizkuntz politika eraginkorra abiatu behar da.

- Hezkuntza sistemak belaunaldi berriak osorik euskaldundu behar ditu. Goi mailako ikasketen eskaintza euskaldundu behar da.

- Administrazioa eta bere zerbitzuak euskaldundu behar dira. Euskaldunak kontratatzea, euskarazko zirkuituak sortzea eta euskalduntzeko epeak zehaztea dira jorratu beharreko bideak.

- Alor sozioekonomikoa euskalduntzeko bide eraginkorrak jarri behar dira.

- Berdin gizarteko beste alor batzuk ere: aisia, kirola, hedabideak, kultura, oro har…

- Diru-baliabideak, administratiboak eta giza baliabideak nabarmen handitu behar dira.

- Helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortu behar zaio".

Zeregin horretan sor litezkeen zailtasunak gainditzeko, Kontseiluak azpimarratu du elkarlanerako prest dagoela.



Metodologia aztergai

Inkesta Soziolinguistikoa egiteko erabilitako metodoa aztertu egingo duela iragarri du Kontseiluak. “Zalantzak ditugu egindako lanaren inguruan”. "Izen handiko" soziologoekin ariko da metodologia aztertzeko. “Datuak zuzenak izatea garrantzitsua da hizkuntzaren normalizazioan eman behar diren pausoak definitzeko”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.