Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek eta Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasak aurkeztu dute gaur estrategia berria, Donostian. Kontseiluak "bultzada berria" eman nahi dio euskararen normalizazio prozesuari, 1998an 'Bai Euskarari' kanpainarekin egin bezala. Hala ere, beste ikuspuntu bat eman nahi diote mezu horri. "'Bai Euskarari' ez da soilik esan behar den zerbait, baizik eta konpromisoak norbereganatuz egin behar dena", esan du Lasak.
Horrela, "euskararen aldeko konpromiso zehatzak eta errealak bereganatzeko" eskatuko diote hiritarrei. Ekimenaren leloa 'Guztion konpromisoa. Hizkuntza Eskubideak' izango da, eta ekainaren bukaeran amaituko da Bilboko San Mames futbol zelaian ospatuko den ekitaldi batekin. San Mames "euskararen eta hizkuntza eskubideen aldeko konpromisoz" beteko dela adierazi dute, alderdi politiko, gizarte eragile eta hiritarren partaidetzarekin.
Kanpainaren hiru zutabeak
Iñaki Lasak azaldu duenez, kanpainak hiru zutabe izango ditu. Lehena, akordio sozio-politiko baten bilaketa izango da. Ondoren, eztabaidarako bigarren fase batean sartuko direla adierazi du, eta alderdi politikoek eta sindikatuek euren ekarpenak egingo dituzte bertan.
Gerora, gizarte eragileek 'Bai Euskarari Ziurtagiria' lortzera zuzenduriko neurriekin jarraituko dute. Hala ere, Lasak azpimarratu duenez, kanpaina horretako ezaugarri "berritzaileena" da "normalizazio prozesuaren benetako protagonista hiritarra dela, eta berari dagokiola prozesu honek behar duen bultzada ematea".
Hori dela eta, euskararen aldeko konpromisoak eskatu dizkie hiritarrei, eta dinamizatzaileak jarriko ditu Euskal Herriko herrietan prozesua koordinatzeko. Dagoeneko 25 herritan martxan daude.
Euskara
Kontseiluak euskararen normalizazioaren aldeko kanpaina jarriko du abian, "eragile eta hiritarrei konpromisoak eskatzeko"
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskararen normalizazioaren aldeko beste kanpaina bat aurkeztu du gaur Donostian. Ekimen berriaren helburua eragile politiko eta sozialei eta hiritarrei euskara bultzatzeko "konpromisoak" eskatzea izango da. Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek adierazi duenez, euskarak azken urtean jasan dituen "eraso sarrien" ondorioz euskararen normalizazio prozesuak jasan duen "dezelarazioari" aurre egin nahi diote kanpaina honekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu