Kontseiluak euskararen plangintza eta exijentzia falta egotzi die udalei

Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza politika aztertu eta emaitzak kaleratu ditu

jakes goikoetxea
2007ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Kontseiluak salatu du Euskal Herriko udal gehienetan saihestu egiten dela euskara exijitzeko neurriak hartzea. Besteak beste, erakundeak aztertu dituen 66 herri eta hirietatik erdiek bakarrik dutelako euskarari buruzko ordenantza, 14 udalek bakarrik erabaki dutelako langile elebidunak kontratatzea, udalen %60k ez dietelako hizkuntz eskakizunik egiten diru laguntzak jasotzen dituztenei edo azpikontratatzen dituzten enpresei, eta kasu askotan, euskara planak onartu arren edo euskara bultzatzeko neurriak hartu arren, ez delako baieztatzen erabaki dena betetzen den edo ez. Iñaki Lasa Kontseiluaren ildo politiko-instituzionalaren arduradunak nabarmendu bezala, «hizkuntza politika egiten dena eta egiten ez dena baita».

Prozedura

Kontseiluak Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu, bi milioi herritarri -hiru herritarretik biri- eragiten dieten hizkuntza politikak. Atzo aurkeztu zituen emaitzak, Donostian, euskalgintzako hainbat ordezkariren aurrean. Udalerrien hizkuntza politika «funtsezkoa» dela gogoratu zuen Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Horregatik, emaitzak ikusita, aldaketa eskatu zuen: «Udalerrietan hizkuntza politika berria behar da».

Udalek euskarari hamar ataletan ematen dioten garrantzia aztertu du Kontseiluak, herriz herri: erabaki orokorrak; hizkuntza paisaia; udal langileak; udalaren komunikazioa; beste zerbitzuak eta kontratak; udalaren kultur ekintzak; 0-3 urte arteko hezkuntza; euskalgintza; merkataritza eta lan mundua, eta kirola eta aisia.

55 galderako galdetegi bat prestatu dute atal horietan euskarak duen garrantzia neurtzeko. Euskara zinegotzien, zinegotzi ohien, euskara teknikarien, euskalgintzako adituen eta soziologoen laguntza jaso dute galdetegia prestatzeko.

Kontseiluak balio bat eman dio erantzun bakoitzari. Udalek hamar puntu lortuko lituzkete galderetan aipatutako euskararen aldeko erabakiak hartu, baliabideak jarri eta emaitzak lortuko balituzte. Kontseiluak zazpi puntutan jarri du euskara lehenesteko politika sistematikoaren muga, euskaldunen hizkuntz eskubideen bermea. Ez du udal bakar batek lortu, baina zenbait nahiko gertu daude.

Euskalgintzako 150 bat laguntzaile arduratu ziren informazioa bildu eta galderei erantzuteaz, 2005eko azarotik iazko otsailera bitartean. Erantzunez gain, bildutako informazioari buruzko argazkiak (bi mila baino gehiago) eta agiriak jaso dituzte: aktak, plan estrategikoak, bandoak, ordenantzak, eskaera orriak, egitarauak...

Emaitzak kontrastatzeko asmoz, erantzunak bidali zizkieten alkateei: bai datuen zuzentasunari buruzko iritzia jasotzeko, bai, aldaketarik behar zela pentsatuz gero, aldaketarako frogak eskatzeko.

Politika orokorren erabilera

Aztertutako udaletatik herenek ez daukate euskara plan orokorrik; alegia, helburuak eta epeak zehaztutako hizkuntza politika antolaturik. Hori «bereziki esanguratsua» da Kontseiluarentzat. Eta udalen erdiek ez daukate euskara ordenantzarik. Herri horietan «borondatean oinarritutako eta babes juridikorik gabeko» hizkuntza politikak aplikatzen direla salatu du.

66 udaletatik 14tan bakarrik -ia bostetik batean bakarrik- erabaki dute kontratatutako langile berriek elebidunak izan behar dutela. Alegia, langile erdaldunak kontratatzen dituzten udalek gero dirua gastatu behar dute langile horiek euskalduntzen, euskaldundu nahi izanez gero behintzat.

Erabilerari dagokionez, 16 udalek soilik dute langile guztiak barne hartzen dituen herritarrei zerbitzua euskaraz bermatzeko plana. 16 udalek bakarrik zehazten dute epea herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko. «Plangintzarik gabe», dio Kontseiluak, «euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketak ez du bukaerarik izango eta udal langileen borondatearen baitakoa izango da».

Hiriburuak

Donostiak lortu du puntu gehien (4,22), baina urrun dago hizkuntza eskubideen bermetik, hau da, zazpi puntuetatik. Are urrunago daude Gasteiz (3,55), Bilbo (2,61) eta Baiona (0,002). Kontseiluak ez ditu neurtu Donibane Garaziko eta Mauleko hizkuntza politikak. Kontseiluaren esanetan, hiriburuek, herrialdeko biztanle guztientzat erreferente diren arren, «oso maila eskasa ematen dute».

Baionaren eta Iruñearen kasuan Kontseiluak ez du aurkitu euskararen aldeko nabarmentzeko moduko erabakirik edo neurririk. Bilboko kasua ere aipatu du: bertan euskara ofiziala da eta Euskal Herriko hiririk populatuena da, baina 2,61 puntu bakarrik lortu ditu. Besteak beste, euskara ordenantzarik ez duelako, jakinarazpen publikoetan euskara erabiltzea erabaki duen arren gaztelania hutsezko jakinarazpenak kaleratzen dituelako, hedabideek nahikoa dutelako euskarari lekuren bat uztea Udalaren diru laguntza jasotzeko, herritarrei euskarazko zerbitzua eskaintzeko plangintzak 2.300 langiletik 200i bakarrik eragiten dielako eta aztertutako udaltzainetatik %20 bakarrik izan direlako gai zerbitzua euskaraz eskaintzeko.

Jakitea

Oro har, udalek lortutako puntuek harreman estua dute bertan euskara dakitenen portzentajearekin: zenbat eta euskaldun eta ia euskaldun gehiago, orduan eta puntuazio altuagoa. Hala ere, badaude salbuespenak. Bai ezagutza tasa altua eduki arren oso puntu gutxi lortu dituzten udalak: Baztan, Lesaka (Nafarroa), Errenteria (Gipuzkoa), Durango eta Zornotza (Bizkaia). Baita beren pareko ezagutza tasa duten udalek baino puntuazio nabarmen hobea duten udalak ere: Irun (Gipuzkoa), Altsasueta Barañain (Nafarroa).

Alderdi politikoak

«Izugarrizko aldea» dago, Kontseiluaren esanetan, alderdi berak kudeatzen dituen udalerrien artean: EAJk 6,82 puntu lortu ditu Azpeitian, baina 2,72 Zornotzan (Bizkaia); EAJ-EAk 6,54 Oñatin (Gipuzkoa), baina 2,26 Laudion (Araba); PSE-EEk 4,98 Eibarren (Gipuzkoa), baina 1,13 Barakaldon (Bizkaia); EAk 6,31 Bermeon (Bizkaia), baina 3,62 Baztanen (Nafarroa); PSNk 3,24 Barañainen, baina 0,98 Lizarran (Nafarroa); eta PPk 3,55 Gasteizen, baina 0,85 Oionen (Araba). UPNk edo PPk alkatetza duten herri batzuek EAJk eta EAk elkarrekin duten beste batzuek baino puntuazio hobea lortu dute. Kontseiluak atera duen ondorioa: «Alderdiek ez dute hizkuntza politika homogeneorik egiten».

Ofizialtasuna

Zerrendan, jakina, euskara ofiziala den lurraldeetako herriak dira nagusi. Baina euskara ofiziala izan arren oso puntu gutxi lortu dituzten hainbat herri daude zerrendaren amaieran: Barakaldo, Portugalete, Santurtzi (Bizkaia) eta Oion (Araba), esaterako. Aintzat hartu behar da Barakaldon, Portugaleten eta Santurtzin 200.000 herritar inguru bizi direla.

«Estatusak eta corpus juridikoak beste politika bat aplikatzeko aukera eskaintzen die; beraz, utzikeria edo normalizazioaren kontrako jarrera dira posizio hori ulertzeko gakoak», Kontseiluaren iritziz.

Gizarteratzea

Kontseiluak, gutxienez, aztertutako herrietan aurkeztuko ditu azterketaren emaitzak. Horrez gain, azterketaren berri emango diete udalei, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta alderdi politikoei.

Azterketan parte hartu dutenei emaitzak gizarteratzeko eskatu zien Xabier Mendigurenek, «udalak euskararen normalizazioan aurrera egiteko erabakia har dezan».









Iñaki lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionalaren arduraduna

«Euskara ez da normalizatuko,ez baldin badira serio planteatzen ikuspegi betearazlea duten neurriak»

J. G.

Donostia

Azterketaren garrantzia nabarmendu du Iñaki Lasak (Iruñea, 1963): alde batetik, aplikatzen den hizkuntza politikak huts egin duela erakusten duelako; bestetik, udalei hobekuntzarako bidea erakusten dielako.

Zergatik eta zertarako egin du Kontseiluak udaletako hizkuntza politikarenazterketa?

Nagusiki, udalerrietan aplikatzen diren hizkuntza politikak ezagutzeko. Udalerrietan aplikatzen den hizkuntza politika funtsezkoa da euskararen normalizaziorako. Datuak euskaltzaleen, erakundeen eta interesa duten guztien esku jarri nahi izan ditugu, ondorioak ateratzeko eta hizkuntza politiketan aurrerapausoak egiteko.

Maiatzean udal hauteskundeak izango dira Hego Euskal Herrian. Kontseiluak euskara alderdien agenda politikan sartu nahi al du?

Zalantzarik gabe. Azterketa momentu egokian dator. Alderdi politikoei tresna paregabea eskaini diegu, zehatz-mehatz ikusi ahal izango dutelako gure iritziz zer den positiboa eta zer hobetu beharrekoa. Ondorioz, aukera izango dute herritarrei hutsune horiek gainditzeko bidea eskaintzeko.

Udalerrietako hizkuntza politika funtsezkoa dela esan duzu. Askotan, ordea, ez al diogu gehiegi begiratzen makropolitikari eta gutxiegi mikropolitikari?

Hizkuntza politika edo osoa da edo ez da, administrazio nagusitik toki administraziorainokoa.

Hamar puntutik zazpian jarri duzue hizkuntza eskubideen bermea. Ez du udal bakar batek ere lortu, baina batzuk gertu daude. Etsigarria al da?

Emaitza errealitatearen ondorioa da. Hainbat urte daramatzagu esanez gaur egun aplikatzen den hizkuntza politikak ez gaituela eramango euskararen normalizaziora, hutsunez betea dagoela, koordinaziorik gabe egiten ari dela, askotan corpus juridiko desegokiak dituela, plangintzak eperik eta helburu jakinik gabeak direla... Azterketa honi esker esaten duguna objektibatu egin dugu; datuetara, dokumentuetara eta argazkietara ekarri dugu.

Bereziki kezkagarria da, esate baterako, hiriburuen egoera, aintzat hartu behar baita askotan traktore gisa funtzionatzen dutela, hau da, herritar guztientzat diren zerbitzu batzuk bertan zentralizatzen direla. Baionak ia zero puntu, Iruñeak 1,75, Bilbok 2,61 eta Gasteizek 3,55 lortzeak erakusten du oso urrun gaudela politika egokia aplikatzetik. Azterketak beste puntuazio bat lortzeko bidea erakusten du, hutsuneak zehaztuta daudelako

Azterketatik ze ondorio nabarmenduko zenuke?

Hainbat. Alde batetik, udalerrietan aplikatzen diren hizkuntza politika gehienek ez dutela lantzen arlo betearazlea; baina hizkuntza politikak, normalizazioak, hori behar du. Neurri horiek hartu egin behar dira, nahiz eta ez izan herritar batzuen gustukoak. Bestela, dena geratzen da borondate hutsaren menpe, eta borondate hutsak ez du inoiz hizkuntza bat normalizatuko.

Ikusten da udalerri gehienek ez dituztela hartzen berez errazak diren neurriak. Esaterako, hizkuntza irizpideak zehaztea produktuak edo zerbitzuak erosten dizkieten enpresei edo azpikontratatzen dituzten enpresei. Hori egite hutsak traktore efektua izango luke: enpresa horiek profesional euskaldunak beharko lituzkete eta herritarrek ikusiko lukete euskarak baduela bere garrantzia, beharrezkoa dela eta ikasi egin behar dela. Katea elikatzen duen zerbait da.

Gauza bera esan behar dugu udalerriek kontratatzen dituzten langileei buruz: 14 udalek soilik erabaki dute langile elebidunak kontratatzea.

Aztertutako udalen erdiek bakarrik dute euskara ordenantza. Bilbok ez du ordenantzarik. Ordenantza faltak babesik gabe uzten ditu herritarrak. Eskubidea ez da bakarrik berezkoa den zerbait, baita aitortu behar den zerbait ere.

Udalen herenek ez dute euskara planik, eta ez bada politika planifikatua, ez da. Planek helburu eta epe zehatzak izan behar dituzte.

Beste hizkuntza politika bat behar da eta hizkuntza politika horretan aplikatu egin behar diraexijentziak dituzten neurriak. Herritarrari babes juridikoa eman behar zaio. Euskara ez da normalizatuko ez baldin badira serio planteatzen ikuspegi betearazlea duten neurriak.

Alde handia dago alderdi berak kudeatutako herrien artean. Irizpide faltagatik? Borondate faltagatik? Utzikeriagatik?

Politikariek hizkuntza politika definitzean hauteskundeetarako kalkuluak egiten dituzte, ez kalkulu sozialak. Hizkuntza politikak beldur eszenikoa ematen die. Ondorioz, soilik borondateari dei egiten dioten neurriak hartzen dituzte.

UEMA lozorroan dago, baina UEMA indartsu eta dinamiko batek izan al dezake eragina udalerrietako hizkuntza politiketan?

UEMA indartsu batek adibidea eskaini beharko luke. Besteak beste, horretarako sortu zen. UEMA normalizazio prozesuan bidea definitzen duen argi bat da euskaltzale guztiontzat.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.