Espainiako Zigor Kodearen aldaketa

"Kontsentsurik eza eta zeharbidea" erabiltzea leporatu dio EAJk PPko Gobernuari

"Kontsentsurik eza eta zeharbidea" erabiltzea leporatu dio Euzko Alderdi Jeltzalearen izenean Xabier Arzalluzek PPko Gobernuari. EAJren iritziz, Aznarren Gobernua "aztarna faxista" ezartzen ari da Espainiako Zigor Zuzenbidean, Zigor Kodearen aldaketaren iragarpenarekin. Jose Maria Michavila Espainiako Justizia Ministroak iragan astean iragarri zuenez, bost urteko kartzela zigorra jaso dezake legez kanpoko galdeketa agintzen duen agintariak eta kartzela zigorra baita ere legez kanpoko alderdi politikoak diruz laguntzen dituzten agintari eta funtzionario publikoek.

2003ko abenduaren 2a
15:17
Entzun
EAJren iritziz, Aznarren Gobernua "aztarna faxista" ezartzen ari da Espainiako Zigor Zuzenbidean, Zigor Kodearen aldaketaren iragarpenarekin. "Alde batetik, atzean inolako adostasunik ez duen proposamena da eta Zigor Kodea, Estatuaren indar behartaraztearen adierazpen nagusia izanik, bere aldaketak kontsulta eta adostasuna behar" duela esan du Emilio Olabarria legelari eta EAJko parlamentarioak.

Zigor Kodearen "ezohikotasuna urratzen" duela salatu dute, izan ere, "gizarte arazoa konpontzeko azken neurria" da zuzenbidean. "Presaka eta Zigor Zuzenbideari ez dagokion prozedimendua erabiliz" egindako aldaketa dela ere erantsi du Xabier Arzalluzek, baina gogorren salatu dutena "balizko zigorraren neurrigabekeria" izan da.

Arzalluzen esanetan, izaera demokratikorik argiena duen ekintzari ezarri nahi zaion zigorra, adingabekoen prostituzioa, prebarikazioa, tortura edo antzeko delituei ezarritakoa baino handiagoa da. Arzalluzen arabera, Espainiako Zuzenbidearen historian geldituko den aldrebeskeria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.