Hondakinen kudeaketa eraginkor bat egiteko, ahalik eta zabor gutxien sortzea ezinbestekotzat du Joan Marc Simon Europako Zero Zaborreko koordinatzaileak. Bizirik irauteko, gizakiok produktu eta lehengaiak kontsumitu behar ditugula jakitun da Simon; zaborra nabarmen murrizteko, baina, kontsumo ohiturak aldatu behar direla argi du: «Kontsumitu egin behar dugu, baina beste era batera».
Hondakinen prebentzioa, zero zabor estrategiaren zutabe bat izenburupean, hitzaldia eman zuen atzo Simonek, Donostian. Joan den astea Hondakinak Saihesteko Nazioarteko Astea izan zen, eta, horren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Atzoko hitzaldia izan zen amaierakoa. Hondakinak murrizteko bideez jardun zuen Simonek; errauste planten aldeko apustua kritikatu zuen, eta Europako hainbat eremutako adibideak ezagutaraziz mamitu zituen bere arrazoibideak.
Luze gabe hondakinak atez ate jasotzeko sistema zabaldu behar dela uste du: «Birziklatzeari dagokionez, edukiontzien sistemak ez du sekula atez atekoaren maila erdietsi». Gainera, zaborra biltzeko sistema horrek errauste plantaren beharra bertan behera uzten duelakoan da: «Atez atekoari esker birziklatze tasa bi edo hiru bider hazten bada, bi edo hiru aldiz murriztuko dugu errauste planta bat ezartzearen arrazoia». Simonen iritziz, errauste planta batera zabor gutxiago eramanez gero, planta hori ez da errentagarria izango ekonomikoki ezta energetikoki ere. Luzera, aldiz, neurri ugari indarrean jartzearen aldekoa da: zaborren sorrera legez mugatzea edo opariak materialak ez izatea, esaterako.
Hamaika eredu Europan
Atez atekoaren aurka daudenak datu batekin konbentzitu nahi ditu Simonek: sei milioi pertsona bizi dira Flandrian, eta, atez atekoaren bidez, hondakinen %82 birziklatzen dute. Italian, berriz, Effecorta dendaren eredua gero eta gehiago zabaltzen ari dela azaldu du; gehienez 70 kilometrora dauden produktuak saltzen dituzte han, ontziratu gabekoak denak.
«Kontsumitu behar dugu, baina beste era batera»
Joan Marc Simon Europako Zero Zaborreko arduradunak hondakinen kudeaketaz jardun du Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu