Kontsumitzaileen hizkuntz eskubideei buruzko legeari atea itxi dio Jaurlaritzak

Erkorekaren ustez, ez da behar arau berririk.EH Bilduk egin zuen proposamena, ikusita indarrean den dekretua ez dela betetzen

Merkealdia iragartzen duten kartelak, erdara hutsez, Bilbon. M. RAMIREZ / ARP.
gotzon hermosilla
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du uste beharrezkoa denik kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretua aldatzea, eta nahiago du orain dagoen legeria betearazteko «erremintak» proposatzea. Horixe adierazi du Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak, gobernu bileraren ostean.

2008an onartu zuen gobernuak kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatu behar zituen dekretua. Baina eskubideok bermatu gabe diraute: Jaurlaritzak berak egindako ikerketaren arabera, dekretuaren betetze maila %22 baino ez da.

Hori kontuan hartuta, lege berri bat egitea proposatu zuen EH Bilduk, eta egitasmo bat ere aurkeztu zuen martxoaren amaieran Gasteizko Legebiltzarrean, bi esparru aintzat hartuta: herritarren hizkuntza eskubideak ziurtatzea, eta horretarako betebeharrak zehaztea jendaurrean aritzen diren enpresentzat.

Epe baten ostean dekretua betetzen ez zuten enpresei isunak jartzea ere proposatzen zuen EH Bilduk, baina soilki oso enpresa handiei, hots, telefonia alorrekoei, bankuei eta energia enpresei: 6.000 euroko zigorra, euskara sustatzeko erabiliko litzatekeena. Orain iritsi da Jaurlaritzak aldaketa proposamen horri emandako erantzuna: ez dute beharrezko ikusten, eta atzera botako dute.

Erkorekak adierazi du ez dagoela «lege hutsunerik», auzia arautzen duen dekretu bat badagoelako. Gainera, haren ustez, EH Bilduren proposamenak ez dakar hobekuntza handirik, orain dagoen dekretuaren «kopia hutsa» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.