Prezioek goraka jarraitzen dute. INE estatistika erakundearen arabera, maiatzean Hego Euskal Herrian Kontsumo Prezioen Indizea %0,3 igo zen apirileko datuarekin alderatuz gero, eta urtearteko tasa %2,4an geratu da hirugarren hilabetez jarraian. Urte hasieratik, berriz, %1,8 garestitu dira prezioak. Herrialdez herrialde, maiatzean Nafarroan garestitu dira gehien prezioak (%0,4) eta Araban eta Gipuzkoan gutxien (%0,2). Dena den, iragan urteko datuarekin alderatuta inflaziorik apalena Nafarroan dago (%1,8) eta Bizkaian, berriz handiena (%2,6). Araban eta Gipuzkoan Hego Euskal Herriko batez besteko bera dute.
Aipatzekoa da iragan hilabeteko prezioen igoeran erregaien garestitzea nabarmen sumatu dela; izan ere, garraioa izan da KPIk neurtzen dituen 12 sektoretatik gehien igo denetariko bat, %0,9, hain zuzen ere. Azken bi hilabeteetan petrolioak goranzko joera hartua du nazioarteko merkatuetan, eta hori nabaritzen hasia da gidarien poltsikoetan. KPIk ere hala islatu du maiatzeko datuan.
Prezioak nabarmen garestitu dira ere oinetako eta arropa saltokietan, baina hori merkealdia bukatu ondorengo hilabeteetan gertatu ohi da. Ez da dena igotzea; eta badira, apirilarekin alderatuta, prezioek behera egin duten sektoreak: komunikazioak (%0,4) eta aisia (%0,7).
UGT sindikatuak aipatu du KPIk gorantz jarraitzen duen bitartean, hiru langiletik bik (%65k) ez duela soldata eguneratua: «Patronalek euren jokabide itxiarekin aurrera jarraitzen dute negoziazio kolektiboan eta 369.000 langiletik gora dituzte lan baldintzak berritu eta eguneratu gabe». CCOOk, bere aldetik, uste du «asmo onetatik haratago» administrazioak ez duela ezer egiten.
Espainian, berriz, Hego Euskal Herriaren antzeko egoera dute. Maiatzean %0,3 egin zuten gora prezioek, eta urtearteko datua %2,3koa da. Espainiako Gobernuak espero du epe motzean KPI egonkor egotea.
Kontsumo prezioak %0,3 igo ziren maiatzean, eta inflazioa %2,4an dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu