Kontsumo prezioen indizea adina igoko dira EHUn ikasteko tasak

Nafarroako Hezkuntza Departamentuan 40 bat pertsona itxi dira, Iribasekin biltzeko; indarrez egotzi dituzte

jon olano
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasteko tasak KPI kontsumo prezioen indizea adina igoko dira, Pedro Luis Arias Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate sailburuordearen esanetan. Hortaz, %2 inguru igoko dira matrikulazio tasak 2012-2013 ikasturtean. Horien igoera eztabaidatzeko batzar bat egin zuen atzo Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak autonomia erkidegoetako ordezkariekin, eta bilkura «denbora galtze bat» izan zela adierazi du Ariasek. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du zehaztu zenbat igoko diren tasak NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketetan.

Wertek erkidegoen esku utzi zuen tasen igoeraren zenbatekoa zehaztea, baina, atzo adierazi zuenez, uztailean ezagutu nahi du beranduenez erkidego bakoitzak ezarritako igoera. Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen sistemaren arabera, zenbateko osoaren %15 eta %25 artean ordaindu beharko dute ikasleek. Eztabaida horrekin «bazterrak nahastea» egotzi dio Ariasek Werti: «Eztabaida duela bi hilabete buka zitekeen, ordaindu beharrekoa KPIaren igoerari hamar edo hamabost puntu gehituta».

Murrizketen gainean EHUren iritzia aintzat hartzeko eskatu du Ikasle Kontseiluak. Mozio bat aurkeztuko du horretarako, kontseiluko presidente Aratz Castrok jakinarazi duenez: «Uste dugu ezinbestekoa dela EHUk iritzia ematea eta [mozketekin] ados dagoen edo ez adieraztea, dagoeneko beste unibertsitate batzuek egiten duten bezala». Unibertsitateen alorrean Espainiako Hezkuntza Ministerioak egin nahi dituen murrizketak eta, bereziki, graduko eta masterreko ikasketen matrikulazio tasen igoera baztertzeko eskatuko du Ikasle Kontseiluak. «Unibertsitateko hezkuntza jasotzeko guztiok dugun eskubidea defendatu behar da», adierazi du Castrok.

Irakasleak, protestan

Bestalde, irakaskuntza publikoko maisu-maistra, laguntzaile eta katedradun ugarik elkarretaratze bat egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren atarian, Jaurlaritzak hezkuntza alorrean eginiko murrizketen kontra protesta egiteko. Kritikatu zuten Jaurlaritzak, dekretu bidez, apurtu egin duela 420 irakasle inguruk aurre-erretiroa hartzeko zuten hitzarmena. Atzo elkartutakoek salatu zuten irakasle horiek ezin izango dutela erretiroa aldez aurretik hartu; horrenbestez, irakasle gazteak lan egiteko aukerarik gabe geldituko direla uste dute.

«Irainduta sentitzen gara Patxi Lopezek eta Isabel Zelaak [Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak] egindako adierazpenekin, murrizketarik ez dutela egingo esaten duten bakoitzean», esan zuten. Haien iritziz, bi ordezkari politikoek «gezurra besterik» ez dute esaten eta «hauteskundeetara begira» daude.

Bilbokoa ez zen hezkuntza alorrean atzo eginiko protesta bakarra izan. Iruñean, 40 bat pertsona Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren egoitzan itxi ziren, Jose Iribas kontseilariarekin bilera bat eskatzeko. Sindikatu ugarik bilera bat egin zuten irakasle eta gurasoekin murrizketez hitz egiteko, eta ondoren Iribasekin biltzen saiatu ziren. Lortu ez zutenez, bertan geratzea erabaki zuten. Handik kanporatu zituzten foruzainek. Hezkuntza Departamentuak jakinarazi duenez, astearte goizerako eman diete hitzordua, baina ez diete zehaztu Iribasekin berarekin izango den bilera. Ezetz erantzun diote, eta mobilizaziora deitu dute gaurko; martxa bat egingo dute 19:00etan, kazolak joz, UPN, PSN eta PPren egoitzetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.