Gutxitan eman du ETAk su-etenaren erabilerari buruzko argibiderik. Baina Zutabe 100 aldizkarian egin zuen gogoeta, 2002ko asanblea prozesuaren ondorioekin batera. Orduan zioenez, «kontu handiz» erabili beharreko «borroka-tresna» da, «askapen prozesuaren une garrantzitsuenak seinalatu baititu orain artean», eta «prozesu baten bultzatzaile, lagungarri eta ondorio» izan daiteke. Izan ere, «prozesuen bultzatzaile» ez ezik, aurretik izandako elkarrizketen edo egindako lan politikoaren «ondorio» ere izan dira orain arte ETAk eman izan dituen su-etenak, hala nola Aljerko Mahaia eratu aurretik emandakoa eta Lizarra-Garaziko prozesuaren garaikoa. Ez dira su-eten asko izan ETAren ibilbide osoan. ETA politiko-militarrak desegin aurretik etenaldi batzuk egin izan zituen, baina ETA militarrak ez zuen bat ere etenik egin 1989. urte hasierara arte.
- AURRENEKO ESKAINTZAK: Aljerko Mahaia eratu baino urtebete lehenago egin zuen ETA militarrak bere historiako lehen su-eten eskaintza, 1988ko urtarrilaren 29an. Hirurogei eguneko etena eskaini zuen, Espainiako Gobernuarekin Aljerren negoziazio prozesua hasteko baldintzapean. Aljerren bilera bat egin zuten Eugenio Etxebeste ETAko solaskideak eta Julen Elgorriaga Espainiako Gobernuaren ordezkariak,baina ez zuen emaitzarik izan. Otsailaren 25ean ETAk Emiliano Revilla enpresaburua bahitu zuen. Handik zortzi hilabetera, azaroaren 2an, Revilla askatu eta bi egunera, berriro bi hilabeteko su-etena eskaini zuen ETAk, baldintza berarekin.
- LEHENENGO SU-ETENA: ETA militarraren historiako lehenengo su-etena 1989ko urtarrilaren 8koa da. Iraupen txikiko su-etena zen (bi aste baino ez), baina negoziazioei ekinez gero luzatzeko eskaintza zekarren. Alde bakarrekoa izan zen (tarte horretan, izan ere, Josu Urrutikoetxea ETAko zuzendaritzako kidea atxilotu zuen Frantziako Poliziak); baina, Eugenio Etxebeste ETAren solaskide izan zenak gerora Berriari azaldu zionez, Espainiako Gobernuaren erantzuna aurrez hitzartua zegoen:«Ondo lotua zegoen, bi aldeek lotua, [Aljeriako] bitartekarien bidez». Bi aste horien barruan, urtarrilaren 14an, Jose Luis Corcuera Espainiako Barne ministroa, Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkaria eta Juan Manuel Egiagarai Murtziako gobernu ordezkaria Aljerrera joan ziren ETAko solaskidetzarekin hitz egitera, Corcuerak bileran zuzenean parte hartu ez bazuen ere.
- ALJERREN HITZARTUA: Espainiako Gobernuak eta ETAk behin baino ez dute hitzartu, eta errespetatu, aldi baterako su-etena era ofizialean. ETAk 1989ko urtarrilaren 23ko agirian jakinarazi zuen bi aldeek su-etena eta elkarrizketak hastea hitzartu zutela. Bi hilabeteotan, Aljeriako Mahaiaren bileren garaian, ETAk ez zuen atentaturik egin, eta Espainiako segurtasun indarrek ez zuten inor atxilotu.
- LUZAPEN ZAPUZTUA: Bi aldeko su-etena beste hiru hilabetez luzatzea hitzartu zutela jakinarazi zuen ETAk martxoaren 27ko agirian, Aljerko elkarrizketa politikoekin jarraitzearekin batera. Baina Espainiako Gobernuak ez zituen akordioak berretsi eta, ETAren arabera, Jose Luis Corcuera Barne ministrok egindako adierazpena ez zetorren bat Aljerren hitzartutakoarekin. Zuzenketa egiteko 72 orduko epea eman zion ETAk Gobernuari, eta su-etena apurtutzat eman zuen apirilaren 4an.
- ESKAINTZA GEHIAGO: Bi hilabeteko su-etena eskaini zion erakunde armatuak PSOEko gobernuari 1991ko abenduaren 8an, emaitzarik gabe. Bidarteko atxiloketak gertatu eta lau hilabetera, 1992ko uztailaren 10ean, berriro bi hilabeteko etenaldia eskaini zuen ETA erakundeak, «herrialde neutral batean harreman ofizialak» hastearen truke.
- ASTEBETEKOA AZNARRI: Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu izendatu berritan, 1996ko ekainaren 23an, astebeteko su-etena eman zuen ETAk Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioak bahituta zegoela, hala ere, eta PPren gobernuari euskal gatazkari irtenbide negoziatua emateko eskatu zion. Hamar hilabete lehenago, Alternatiba Demokratikoaren bidez zehaztu zuen ETAk zein ziratekeen, erakunde armatuaren ikuspegitik, bake prozesu baterako oinarriak.
- ESPETXE FRONTEA: Espetxeetako arduradun eta funtzionarioen aurkako atentatuak eten zituen ETAk 1997ko azaroaren 20an. Lau hilabete lehenago askatu zuen Guardia Zibilak Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa.
- ERTZAINTZA: Ertzaintzaren aurkako frontea aldi batez ixtea erabaki zuen ETAk 1998 hasieran, baina ez zuen iragarri. Etena haustea erabaki zuenean jakinarazi zuen, ekainaren 23an,Ertzaintzak polizi operazio batean Ina Zeberio ETAko kidea hil zuela eta.
- LIZARRA-GARAZI:Orokorra eta muga jakinik gabekoa izan zen 1998ko irailaren 18an hasitakosu-etena. ETAk inoiz ez zuen eman muga jakinik gabeko etenaldi orokorrik ordura arte. Bost egun lehenago sinatu zuten 23 eragilek Lizarra-Garaziko adierazpena, tartean alderdi abertzale guztiek eta Ezker Batuak. Baina ez zen behin betikoa, ez mugagabea: ETAk ohartarazi zuenez, su-etena eman zuten egunetik aurrerako «gertakizun eta urratsek» agindu behar zuten «etenaldi honen behin betikotasuna». Hurrengo urteko abenduaren 3an bukatu zen etenaldia. Azaroaren 28ko agirian jakinarazi zuen ETAk erabakia, eta arrazoitu: ETAren arabera, 1998ko abuztuan EAJk, EAk eta ETAk hitzartutako akordio ezkutua zegoen su-etenaren jatorrian (erakunde nazional bakar eta subiranoa sortzeko pausoak ematea, besteak beste), eta bi alderdiek hartutako konpromisoak ez zituztela bete adierazi zuen, arrazoi nagusi gisa. EAJk eta EAk gezurtatu egin zuten akordioa egin zutela: akordioaren agiriaren atzealdean jarritako baldintzei eta ñabardurei ETAk ez ziela erantzun eta, horrenbestez, akordiorik ez zela izan azaldu zuten.
- KATALUNIARAKO ETENALDIA: Lurralde eremu jakin baterako etenaldia iragarri zuen ETAk, bere historian lehen aldiz, 2004ko otsailaren 18an: urte horretako urtarrilaren lehenetikKatalunian atentaturik ez egitea erabaki zuela jakinarazi zuen, herrien arteko begirunea, esku- sartzerik eza eta elkartasuna argudiatuta. Josep-Lluis Carod Rovira Generalitateko kontseilari buru eta ERCko idazkari nagusia ETAko zuzendaritzarekin bildu zela jakin eta hiru astera iragarri zuen su-etena ETAk. Carodek ukatu egin zuen bileran Kataluniarako su-etena eskatu zuela eta ezer hitzartu zutela.
- HAUTETSIEN FRONTEA: ETAk PP eta PSOEko hautetsien aurkako atentatuak bertan behera utzi zituen 2005eko ekainaren 18an, Espainiako Kongresuak ETArekiko elkarrizketaren aldeko ebazpena onartu eta hilabetera. PP-PSOE itunak «hil kanpaiak» jo zituela adierazi zuen ETAk, eta konponbiderako bidean «urrats sakonak» egin zirela.
«Kontu handiz» erabilitako tresna
ORAIN ARTEKO SU-ETENAK. «Askapen prozesuaren une garrantzitsuak seinalatu dituzte» etenaldiek, ETAren beraren arabera. Aljerkoa eta Lizarra-Garazikoa izan dira esanguratsuenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu