“Auzia ez da zenbatekoa den ekimen pribatuaren kostua, baizik eta zenbat fakturatzen dion zerbitzu publikoari”. Nafarroako Kontuen Ganberak sukaldeen pribatizazioari buruzko azterketa argitaratu zuen ekainean, eta hari buruzko xehetasunak eman ditu parlamentuan Helio Robledak. Txosten horren ondorio nagusia da arlo publikoak kudeaketa zuzena hartu izan balu urtean beste 667.640 euro aurreztuko lituzkeela.
Pribatizazioa beste bi aldaketa esanguratsurekin batera etorri zen. Alde batetik, Nafarroako Ospitale Guneko hiru sukaldeak bateratu zituen, eta bero sistema batetik hotz sistema batera pasa zen. Hala, aldaketa horrek ekarri du 2,5 milioi euroko aurrezpena. Hala ere, kudeaketak arlo publikoaren eskuetan jarraitu izan balu are gehiago aurreztuko lukeela dio txostenak.
Gobernuak arrazoitu du hasieratik gobernuak ezin zuela bere kabuz zerbitzu publikoa jarri bozpasei milioi euroko inbertsioa eskatzen zuelako eta diru hori finantzatzeko marjinik ez zuelako. Robledak egiaztatu du Europatik kontabilitate irizpideekin “gorabehera handiak” izan direla, baina 2010eko arauekin zerbitzu zuzen horrek ez zukeela defizit bezala zenbatuko, eta hortaz, balukeela aukera kudeaketa zuzenerako. Robledak azaldu duenez, Mediterranea de Catering-ek inbertsio horren amortizazioa "lau urtean itzultzera" behartzen du eta dieten kostuan eragiten du. Bere ustez, gestio zuzena balitz, 30 urtera amortizatu lezake.
Robledak zehaztu du arlo publikoak Mediterranea de Cateringen kostuen azterketa egin beharko lukeela jakiteko zenbatekoa den enpresaren irabazi marjina.
Ganberako presidenteak laburbildu du zerbitzua martxan jarri zenetik kexa ugari izan direla. “2013an atzera botatako janariak ugariak izan ziren, baina arazo horiek konpontzen joan dira. Bide horretatik jarraitu behar da”.
Antonio Perez Prados UPNko parlamentariak Kontuen Ganberari leporatu dio “ezinezkoa” dela arlo publikoaren kudeaketa zuzenak eragingo lukeen aurrezpena kalkulatzea. “Badago liburu bat izenburu honekin: San Antonio Paduaren mirariak Lisboara joan izan balitz. Bada, gauza bera egin du Kontuen Ganberak”. Haren esanetan, adibidez, Kontuen Ganberak kalkulu horretan aintzat hartu du departamentuak behin-behineko langileak kaleratu zituela.
Helio Robledaren esanetan, bidegabea izan da Perez Pradosen kritika, eta haren datuek ez dute zentzurik. “Parez pare lan egin dugu Nafarroako Osasun departamentuko teknikariekin”. Haren ustez, Osasun departamentua “ausarta” izan zen jangelak bateratzean langileria murriztu zuelako. Gaineratu duenez, arlo pribatuaren lan kostuak arlo publikokoak baino apalagoak dira, baina Mediterranea de Cateringen fakturazioan kostuari irabazi marjina gaineratzen dio, eta, horregatik, kudeaketa publikoarekin 667.000 euro gehiago aurreztuko lirateke urtean. “Hori da gakoa”.
Vera: "Bide gogorra"
Robledaren ondotik, Marta Vera Osasun kontseilariak hitz egin du. "Bidea gogorra izan da eta zailtasunez beteta, hasiera batean esleitutako enpresaren aurreikuspen eskasagatik eta bestetik sindikatu zenbaitek, alderdiek eta kolektiboek eragindako gatazkagatik".
Kontuen ganberak egndako aurrezpenaren kalkuluekin ez dator bat. "Sistema aldketak aurrezpena ekarri du eta horri esker baliabide ditugu arreta zerbitzuetan inbertitzeko". Verak esan du aldaketarekin herritar denak atera direla garaile: "Zu, Leuza jauna, eta ni eta denok atera gara garaile. Horri esker kolon minbiziaren detektatzeko programa ezarri delako". Adierazpen horrek oposizioko eledunen artean, asaldura eragin du.
Verak berretsi du sistema hori ezin zuela alor publikoak hartu, egin beharreko inbertsioa ezin zuelako bere gain hartu. Verak gaineratu du oposizioak Nafarroako Gobernuak kosta ahala kosta erasotzeko baliatu dela. "Ziur gaude herritarrentzat erabaki hoberena izan dela, gogorrena ere izan den arren".