Kontuen negoziazioa hautsita, "arduragabe" jokatzea egotzi dio Gipuzkoako Aldundiak EAJri

2014ko abenduaren 5a
18:29
Entzun

Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile eta 2015eko foru hauteskundeetarako hautagaiak amaitutzat eman ditu Bilduren eta EAJren arteko negoziazioak Gipuzkoako datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Eredu ekonomiko "antagonikoak" dituztela argudiatu du Olanok.

Asteazkenean eztabaidatuko dute Batzar Nagusietan Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu proposamena, eta osoko zuzenketa aurkeztuko du EAJk. Olanok nabarmendu du EAJrentzat "lehentasuna" ekonomia, lanpostuak eta industria direla, eta uste du EH Bilduk ez duela ikuspuntu bera; Olanoren iritziz, industriaren ikuskera "sektarioa" du.

Bilduk "bere posizioei" eusten diela-eta, Olanok esan du bi aldeek adostu dutela ez dagoela "beharrik" elkarrizketekin jarraitzeko, ez baitute krisiari aurre egiteko "oinarrizko estrategia" partekatzen.

Diputazioak, ordea, "arduragabekeriaz" jokatzea egotzi dio EAJri, eta uste du "alderdikeriaz" jokatu duela negoziazioak amaitutzat jota. Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun zuzendari eta 2015eko foru bozetarako EH Bilduren hautagaiak azaldu du EAJk 26 milioiko diru sail bat proposatu duela krisiari aurre egiteko, eta diputazioaren proiektuak 85 milioi euro bideratzen dituela ekonomia eta enplegua sustatzera: "EAJk hori negoziatzeari uko egin dio".

Xabier Olanok zehaztu du aurrekontu proposamenean 27 milioi euro bideratu dituztela "ekintzailetza indartzera", 14,5 milioi berrikuntza ekonomikora, ia 10 milioi garapen industrialera eta 34 milioi "enplegu kabiak" egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.