Goizeko 11:30etarako Ertzaintzaren zortzi furgonetek eta helikoptero batek zaintzen zituzten Donostiako udaletxearen inguruak. Pixkanaka-pixkanaka jendea Boulevardera inguratzen hasi da. Joseba Permach eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko kideak ere hamabiak izateko ordu laurdena falta zela iritsi dira, eta furgoneta batetik ateratako ikurrinak banatzen hasi dira.
Gero eta jende gehiago sumatzen zen udaletxearen inguruetan 'Faxismoaren gainetik, ikurrina geurea' lelopean egitekoa zen kontzentrazioan parte hartzera. Orduan, Donostiako Boulevarda zaintzen ari ziren Ertzaintzako beltzen burua Joseba Permachengana hurbildu da, eta manifestazio hori debekatua zela gogorarazi dio Batasuneko kideari. Permachek hamar minutuko kontzentrazio bat egiteko eskatu dio ertzain buruari, eta honek "bere goikoarekin" hitz egin beharko zuela adierazi dio. Deia amaitu bezain pronto, ertzain buruak handik joateko minutu bat zutela adierazi dio Permachi, bestela kargatu egingo zutela.
Memento horretan Faltzesko banda ari zen jotzen Boulevardeko kioskoan, eta jende ugari zegoen inguruetan, zaharrak, gazteak eta haurrak. Ertzainek gainera kazetariei ingurutik joateko eskatu die, balizko karga hori saiheste aldera.
"Ezker abertzaleak errespontsabilitatearen aldeko apustu bat" egin duela azpimarratu du Permachek. "Ertzaintzaren arduradun politiko Javier Balzak hartu duen erabakia kargatzekoa izan da, eta benetan arduragabe politiko bat da" azpimarratu du.
Boulevardetik Konstituzio plazara
Hitz horiek bota eta gero, manifestariak Alde Zaharreruntz abiatu dira Narrika kaletik barrena. Ertzainek ez diete jarraitu manifestariei eta Konstituzio plazan zegoen oholtzan ikurrina omentzeko ekitaldi bat egin dute, plazaren goiko aldean zebilen Ertzaintzaren helikopteroaren zaintzapean. Txistularien doinuen laguntzaz, ikurrina igo dute oholtza gainera bertaratuen txalo zaparradaren artean, eta bertsolari baten kantua entzun ondoren, Joseba Permachek hartu du hitza.
"Gora Euskal Herria askatuta! Gora ikurrina!" esanez eman dio Permachek ekitaldiari. "Orain dela 1225 urte, euskaldunok Orreagan Carlo Magnoren ejerzitoa birrindu eta gero, 1225 urte gehiago pasatu direnean, oraindik ere Carlo Magno bezala hegoaldetik etorritako faxistak, gure herrian, horrelako egun batean, bandera espainola inposatu nahi digute", adierazi du Permachek.
Batasuneko kidearen iritziz, Espainiako bandera "gure askatasunaren kontrako sinbolorik garbiena da eta beraiek bandera hori inposatu nahi digutenean, guk gure sinbolo nazionala den ikurrinari omenalditxo hau egin nahi izan diogu", azpimarratu du.
"Beraiek dira, gu eta herria zapaldu eta makurtu nahi dutenak"
Permachek hitz gogorrak izan ditu "bere burua abertzaletzat hartzen duten" Ibarretxe, Balza, Imaz eta "bere lagunkideak" diren Larreina eta Madrazorentzat, "espainiar legalitatea betez, beraiek edukitzen baituzte armak eskuetan". "Beraiek dira, gu eta herria zapaldu eta makurtu nahi dutenak", nabarmendu du.
"Beraiek esaten dute bide baketsuaren eta bide politikoen aldeko apostua egin beharko genukeela, eta gaur hori egin dugu", nabarmendu du Permachek. Ghandiren hitzak ere ekarri ditu gogora: "Bere herriaren kontra porrazoak ematen zituzten indiarrei zipaioak deitzen zien, eta Balza eta bere gizontxoak dira porrazoak eta kolpeak ematen dituztenak, lotsagabeak".
Eusko Gudariak abestuz eman diote amaiera ikurrinaren omenezko manifestazioari.
Ikurrinaren aldeko manifestazioa
Kontzentrazioa ezezik manifestazioa ere egin dute gaur Donostian ikurrinaren alde
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak debekatu eta atzo iluntzean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak debeku hori berretsi bazuen ere, 'Faxismoaren gainetik, ikurrina geurea' lelopean kontzentrazioa eta manifestazioa egin da gaur eguerdian Donostian. Ertzaintzak kargatzeko mehatxua egin du, baina azkenean Konstituzio plazaraino joan dira manifestariak eta ikurrina omendu dute. Joseba Permach Batasuneko bozeramaileak "arduragabe politiko" deitu dio Javier Balza Herrizaingo sailburuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu