Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Kontzertua aldatzea eta BEZa aldundiek kudeatzea nahi du EAJk

Proposamenak kontzertua bera arriskuan jar dezakeela ohartarazi du PPk; Ekonomia sailburuak, «zaila» dela Espainiak onartzeaEskumenak areagotzeak arduratzen duela esanez arrazoitu du proposamena Urkulluk

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoari aurre egiteko, EAEren eskumenak areagotzearen aldeko apustua egin du Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak. Zeharkako zergen kudeaketa lurralde historikoen esku uztea eskatu du; kontzertu ekonomikoaren erreforma egin, eta BEZaren kudeaketa foru aldundien esku geratzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunek badute zuzeneko zergak arautzeko eskumena, baina zeharkako zergek eta zerga bereziek (erregaiak, tabakoa) Espainiako Gobernuaren esku jarraitzen dute.

Hortaz, zerga sistema erreformatu eta kontzertu ekonomikoa aldatzeko lanean hasiko da EAJ, Urkulluk Forum Europak antolatutako gosari hitzaldian azaldu duenez. Krisitik ateratzeko guztien elkarlana behar dela adierazi, eta proposamena Eusko Legebiltzarrera eramateko asmoa erakutsi du.

Izan ere, orain arte ekonomiari eta zerga sistemari buruz egin diren eztabaidak «faltsuak» izan direla eta behar den lekutik kanpo egin direla iruditzen zaio lehendakarigaiari. Proposamen zehatzak instituzioetan egin dituzten ordezkari bakarrak jeltzaleak izan direla ohartarazi du, eta Patxi Lopez lehendakariak zerga sistemaren inguruan egindako proposamenak «ateraldi hutsak» direla.

Antonio Basagoiti PPren lehendakarigaiari ez zaizkio batere gustatu Urkulluren hausnarketak: «Kontzertuaren eztabaida proposatzean ezin arduragabeago ari da». Basagoitik ohartarazi duenez, Espainian «jende asko» ari da kontzertua amai dadila eskatzen. Eztabaida Espainiara zabaltzen bada kontzertuaren aurkako «borroka handia» izango dela ohartarazi du, eta «arriskuan» jarriko dela kontzertua bera. Hortaz, «nabarmendu gabe» pasatu, egungo kontzertua gauzatu eta gaia mahai gainean ez jartzearen alde egin du PPko buruak.

Carlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren ustez, eskaera ez da egingarria: «Zaila da Espainiako Gobernua kontzertua negoziatzeko prest egotea Euskadiko ogasunak BEZa arautzeko gai izan daitezen». Sailburuaren esanetan, «Euskadirentzat zoragarria» litzateke aukera hori eskuartean izatea. «Baina ez dakit estatuaren ikuspegitik arrazoizkoa izango litzatekeen halako negoziazio batean sartzea», zehaztu du.

Rodolfo Ares PSE-EEren hauteskundeetarako koordinatzailea ere mintzatu da zerga sistemaz, beste aukera bat proposatzeko. Egun EAEn zerga politikan eskumenak dituzten bakarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusiak direla azaldu du, eta Eusko Legebiltzarrak ere kudeaketan gaitasuna izan dezala eskatu. Aresen hitzetan, «herria eraiki» nahi bada «ezinbestekoa» da Jaurlaritzak zerga bidezko diru bilketan parte hartzeko gaitasuna izatea, «Jaurlaritzak kudeatzen baititu euskal instituzioen aurrekontuen %70».

«Oinak lurrean»

EAJk politikoki defendatzen dituen helburu eta bideei buruz ere mintzatu da Urkullu. «Ez ditugu baztertu gure idealak», esan du independentziaren aldarrikapenari buruz. «Baina beste gauza bat da errealitatea, eta oinak lurrean ditugu. Orain, krisiak kezkatzen gaitu, eta ahalik eta ongizate handiena lortu nahi dugu». Hortaz, bere «ardura handiena» eskumenak direla esan du: «autogobernua; menpekotasun gutxiago izatea». Adierazi du horri buruz alderdiekin eztabaidatu eta, ondoren, estatutu berrirako proposamena Eusko Legebiltzarrera eramateko asmoa duela. Izan ere, Urkulluren hitzetan, «akordioa» izango da bere bide orria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.