Zubietan (Donostia) jarri nahi dute Aldundiak eta mankomuniteek Gipuzkoako zaborrak erreko dituen errauste planta, hori dio behintzat Gipuzkoako Errauste Plantaren kontrako Koordinakundeak. Aldundiaren barne dokumentu batean oinarritu da koordinakundea informazio hori emateko. Dokumentua ez dute esku artean, baina iturria «fidagarria» dela adierazi zuten atzoko prentsaurrekoan. Mikel Izagirre bozeramaileak esan zuenez, «gipuzkoarren borondatearen kontra, errausteko planta egiteko asmoarekin jarraitzen dute».
Koordinakundeak adierazi zuenez, Odon Elorza Donostiako alkateak proposatutako hiru kokalekuak (Landarbasoko bi eta Zubietan bat) baztertu dituzte, uztailean ingurumen azterketak egin ostean. Horregatik, beste toki batean egitea adostu omen dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta mankomunitateek, Reala entrenatzen den futbol zelaietatik 200 metrora eta babestutako eremu naturalaren artean.
EGUTEGIA. Aldundiaren «akta» horretan errauste plantaren proiektua aurrera eramateko egutegia zehaztuta dutela adierazi dute koordinakundekoek. Donostiako alkateak proposatutako kokaguneak ezerezten dituela iragarriko du Aldundiak hil honetan, eta kokaleku berria proposatuko dute. Urrian, mankomunitate guztiek onartu beharko dute proiektu berria. Donostiako Udalak beharrezko azterketa guztiak egingo ditu Zubietako kokaleku berrian.
Zaborrak kudeatzeko behin-betiko plana abendurako onartu nahi dute. Bestalde, Aldundiak mankomunitateekin batera partzuergoa eratuko du abenduan. Errauste plantaren proiektua amaitu arte, kudeaketa lanak egingo dituen erakundea izango da. Mikel Izagirrek, partzuergoa dela-eta Donostiako Udalak kudeaketan izango duen parte-hartzea zalantzan jarri zuen, «Udalen eskumenak bere gain hartuko dituelako mankomunitateen partzuergoak».
Urtarrilean San Markoseko zabortegia itxita egongo denez, aterabidea bilatu beharko dute sortzen den zaborrarentzako. Koordinakundeak adierazi zuenez, Gipuzkoako beste hiru zabortegiak arduratuko dira San Markoseko zaborraren %50az. Apirila iristen denean, berriz,zabor guztia bilduko dute.
ESTRATEGIA POLITIKOA. Mikel Izagirre koordinakundeko bozeramailearen arabera, «xantaia» da urtarriletik apirilera bitartean San Markoseko zaborraren erdia bakarrik jasotzea. Izagirrek esan zuenez, «hiru hilabete horietan errauste plantaren proiektuari oztoporik ez jartzeko, zaborraren erdia bakarrik kudeatuko dute». Gainera, «estrategia politiko argiak dituztela argi geratu da egutegia ikusita»; izan ere, maiatzeko udal hauteskundeak baino hilabete lehenago amaitu nahi dute errausteko plantaren proiektua». Izagirreren ustez, hauteskundeen ondoren alderdien arteko botere harremanak aldatuko dira eta hori gertatu baino lehenago eginda utzi nahi dute.
Birziklatze, berrerabiltze, zaborren murrizte eta konpostatze planak bertan behera utzi eta errauste plantak prozesu guztia baldintzatu duela uste du koordinakundeak. Are gehiago, mankomunitateen eta Aldundiaren arteko partzuergoak legearen kontrako neurriak hartuko dituela salatu zuen Izagirrek, «birziklatze, berrerabiltze, zabor murrizte eta konpostatze kuotak ez dituzte errespetatuko».
Horretaz gain, osasuna arriskuan jartzen duten enpresek herriguneetatik bi kilometrora egon beharko lukete gutxienez, legeak esaten duenaren arabera. Baina Zubietako kokaleku berri horretatik Usurbil, Lasarte edo Zubietara bi kilometro baino gutxiago daudela azpimarratu dute koordinakundeko kideek.
Mikel Izagirre eta prentsaurrekoan bildu zirenek manifestazioa antolatu dute iganderako, hilak 10. Aldundiaren eta mankomunitateen jokabidea salatzeko, giza katea egingo dute Donostiako Kontxan, goizeko hamaiketan.
Koordinakundearen arabera, Zubietan jarriko dute Gipuzkoako errauste planta
Errauste planta egiteko prozesua maiatzeko udal hauteskundeen aurretik amaitu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu