Hauteskundeen ondorena

Koordinazio taldea aukeratu du Udal Hautetsien Biltzarrak

Euskal Herriko 500 udal hautetsi inguru Tolosan (Gipuzkoa) bilduta daude gaur goizean, nazio erakundetzea bultzatu eta eraikitzea helburu hartuta. Ezker abertzelaren inguruko hautetsi izandakoek egin dute bilera deialdia, hain zuzen ere, maiatzaren 25eko hauteskundeen inguruan izan ziren debekuek —Udalbiltzaren aurkako operazioak eta berrehundik gora zerrendaren bazterketak— sortu duten egoerari nola aurre egin aztertzeko. Euskal Herriko hautetsi guztiei egin diete parte hartzeko gonbitea. Udal Hautetsien Biltzarrak hartu ditu lehen erabakiak: erakunde berria gidatuko duen koordinazio taldea aukeratu du, eta lan ildoak zehaztu ditu.

2003ko ekainaren 21a
14:46
Entzun
Hogeitabost lagunek osatuko dute Udal Hautetsien Biltzarreko koordinazio taldea; haien artean dira, Antton Izagirre, Juan Carlos Alduntzin, Xabier Zubizarreta eta Eli Laburu, hurrenez hurren, Tolosako, Pasaiako, Arrasateko eta Astigarrako alkate izanak. Egun, hautetsi kargurik ezin izan dute hartu beren hauteskunde zerrendak baztertu egin baitzituzten. Era berean, koordinazio taldeko kide aukeratu dituzte Loren Arkotxa eta Oscar Goñi Ondarroako alkate ohia eta Berako zinegotzi izana, eta, orain, Udalbiltzaren aurkako operazioaren ondorioz, espetxean daudenak. Ipar Euskal Herrian hautetsi diren Lutxi Oxandabaratz eta Xabi Larralde ere gidaritza talde horretako kide izango dira. Abstentzio bat izan da koordinazio taldea aukeratzeko bozketan, eta, gainerako guztiak, aldeko botoak.

Ekitaldiaren hasieran, baztertutako zerrendetako kideei —berez, kargua hartzerik izan ez dutenei— debeku guztien gainetik hautetsi direla aitortu zaie. Errekonozimendu hori bozketara eraman da, eta ahobatez onartu zaie hautetsi izaera. Ildo horretatik, baztertutako plataformetako kideek hautetsitzat onar ditzatela eskatu diete beste alderdi eta zerrendetako udal ordezkariei, eurek haiek hautetsi gisa onartzen dituzten hein berean.

Etorkizunerako lan ildoak ere onartu dituzte. Bost punturen inguruan ardazten dira:

–Elkarlana: Hautetsi guztiei, ikuspuntu ezberdinen gainetik ekintza bateratua bultzatzeko konpromisoa hartzeko eskaera.

–Nazio eztabaidagunea: Euskal herritarrek iritziak plazaratu, eta akordiotara iristeko foro nazionala abiatu nahi dute epe laburrean.

–Eskubideen defentsa: Oinarrizko eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu eta defendatzeko konpromisoa hartu dute.

–Naziotasuna suspertu: Naziotasuna bultzatzeko ekimenak dinamizatuko dira.

–Barne kohesioa: Euskal Herriaren barne kohesioa sustatzeko ekintzak jarriko dira abian.

Bost ildo horiek aintzat hartuta lan egingo du koordinazio taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.