Korrika 17. Aurkezpena

Korrika 17k 'euskalakari'-z bete nahi ditu Euskal Herriko errepideak

'Maitatu, ikasi, ari... euskalakari' leloarekin, euskaltzaleak hizkuntzarekiko jarrera aktibo eta positiboa izatera animatu nahi dituApirilaren 7an hasiko da Trebiñun, eta 17an bukatuko da Donostiako kaleetan

Korrika 16ko bukaerako festa. JUANAN RUIZ / ARP.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Pausoz pauso, urratsez urrats, Korrika 17ren lekukoak bi mila kilometrotik gora egingo ditu berriz ere, milaka euskaltzaleren eskuetan. Apirilaren 7an hasiko da Trebiñutik (Araba), eta apirilaren 17an iritsiko da Donostiako Bulebarrera. Egun horietan Euskal Herriko hamaika herri eta auzo bisitatuko ditu, Maitatu, ikasi, ari... euskalakari lelopean.

Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada, eta euskalduna euskaraz dakiena, nola deitu euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen duenari? Nola euskaraz bizi denari? Zalantza hori sortu zitzaien AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeko kideei, eta euskalakari izena otu zitzaien.Hitzaren etimologia erraaza da ulertzen. Euskara eta kalakari berben elkarketa da. Kalakaria asko hitz egiten duena denez, euskalakari euskaraz asko hitz egiten duena.

Edonola ere, bere esanahia sakonago azaldu du Edurne Brouard Korrika 17ko koordinatzaileak: «Lehenengo hitza euskaraz egiten duen dendaria da. Euskaraz sortzen duen artista. Euskaraz diharduen lantegiko enpresaria. Euskara sustatzen duen herritarra. Euskararen aldeko neurriak hartzen dituen herri ordezkaria. Euskaraz egiten duen kazetaria, kirolaria, iturgina... Euskalakaria da hitz egin ez baina ulertzen duenari euskaraz egiten diona».

Hitza asmatu dutela jakiten aurrenekoa Euskaltzaindia izan dela ohartarazi du Brouardek, akademiaren baimena ere badutela argituz. Ez dute Hiztegi Batuan jasota ikusteko asmorik, baina poliki-poliki euskaldun guztien artean zabalduko den hitza izatea gustatuko litzaieke. Hori da, bederen, Korrika 17ren helburuetako bat.

Brouarden esanetan, Euskal Herria euskalduntzeko ezinbestekoa da herritar bakoitzaren garrantzia. «Tipi-tapa tipi-tapa famatu horretan haien protagonismoa aldarrikatu nahi dugu». Horregatik ikusten zuten horiek guztiek euskaltzaletik haragoko hitz bat merezi zutela. Izan ere, euskalakari izango den Euskal Herria da AEKren helburua.

Euskara batuaren garrantziaz

Atzo ezagutarazi zituzten Korrika 17ren xehetasunak Euskaltzaindiaren egoitza nagusian. «Eskerrak eman nahi dizkiogu beste behin ere bere bere etxekoateak ireki dizkigulako. Baina hemen egoteak esangura berezia dauka», azaldu zuen Mertxe Mujikak, AEK-ko koordinatzaileak. Hain zuzen ere, euskararen akademia aukeratu dute aurtengo omendua izateko. Horretarako aitzakia argia aurkitu dute: «Hizkuntzaren iraupenerako eta hedapenerako beharrezkoa da baldintza egokiak sortzea. Euskaltzaindiak lan hori egin du 1919an sortu zenetik».

Euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala dela gogorarazi du Edurne Brouardek. Eta, ikerketak egiteaz gain, normalizaziorako arauak ematea ere badagokiola. Haren ustetan, bada, Euskaltzaindiaren ekarpen nagusia euskara batua sortu izana da. «Hizkuntzaren batasuna ezinbesteko tresna da. Horri esker, bizitzako alor guztietan dago», arrazoitu du. Gainera, helduen euskalduntze alfabetatzea oro har, eta AEK bera, Euskaltzaindiaren babesean sortu zirela gogorarazi nahi izan du Brouardek. «Rikardo Arregik 1966an alfabetatze taldeak eskatzen idatzi zuen gutunetikhona, horrenbeste izan dira helduen euskalduntzean nabarmendu diren euskaltzainak», eskertu du haien lana.

Korrika 11 eguneko pauso errenkada baino gehiago da, ordea. Hala, datorren urtarrilean Korrika Kulturala aurkeztuko dutela iragarri dute. Bien bitartean, Korrika laguntzaile egiteko aukera dago. Eta Korrikaren dendak han-hor-hemen zabaltzen ari dira. Bilbokoa gaur bertan irekiko dute, Somera kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.