euskara

Korrika Kulturala otsailaren 1ean hasiko da, Bilbon

Aurten zortzi lanen estreinaldia izango da. Hasteko, Igor Iturriaga eta Igor Elortzaren 'Gu ta gutarrak' proiektua. Herri eta auzoetan Kulturbira ere antolatuko dute.

2007ko urtarrilaren 24a
17:04
Entzun
Martxoaren 22an hasiko da Korrika, Karrantzan (Bizkaia), baina Korrika Kulturala lehenago. Otsailaren 1ean, hain zuzen, Bilbon. Gaur egin dute Durangon Plateruena Kafe Antzokian Korrika Kulturalaren aurkezpena. Aurten, ohiko ekitaldiez gain, "egitaraua osatu eta aberasteko asmoz", berrikuntza bat izango da: Kulturbira.



Herri eta auzoetan izango diren hainbat kultur ekitaldiri lagunduko dien egitasmoa da Kulturbira. “Euskal kultura herrikoiaren isla izan nahi du”, esan du gaur Mikel Lizarribar Korrika Kulturalaren antolatzaileak. “Euskal Herriko edozein txokotan dauden baina plazaratzeko aukerarik ez duten kultur emanaldiak egitea da Kulturbiraren helburua”. Hala, herri eta auzoetan denetik izango da: hitzaldiak, kontzertuak, erakusketak, txapelketak, trikitilariak, bertsolariak, ipuin kontalariak…

Korrika Kulturalean aurten zortzi lanen estreinaldia izango da. Igor Iturriaga eta Igor Elortzaren Gu ta gutarrak proiektuarekin hasiko da, otsailaren 1ean, Bilbon, Bilborock-en. Hauek ere estreinatuko dituzte lanak geroago: Karidadeko Bentak, Logela Multimediak, Bihotz Bakartien Klubak, Hiru Punttu antzerki taldeak, Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinek, Goloka antzerki taldeak eta Gilkitzaro antzerki taldeak.

Horiez gain, Anestesia eta Itakaren kontzertuak, Ezin dut egia esan Jokin Oregiren antzezlana, Niko Etxart eta Anje Duhalderen kontzertuak, Pirritx eta Porrotx, Miarritzeko Ballet Gaztea... ere izango dira herriz herri.

Korrika martxoaren 22an Karrantzan hasiko bada, bukatu, Iruñean bukatuko da, apirilaren 1ean. 2.150 kilometroko lasterketa izango da aurtengoa –15. edizioa-, eta euskal emakumea omenduko dute. Korrikaren laguntzaile kanpaina martxan dela gogorarazi dute gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.