Korrika 16

Korrika Kulturalak hamaika saio eskainiko ditu Euskal Herri osoan, hilaren 31tik hasita

Benito Lertxundik emango dio hasiera AEK-k antolatutako ekitaldi sortari, eta, apirilaren 5a arte musikari, antzezle, poeta, idazle, bertsolari, pailazo eta bestelako artista andana ariko dira kultur emanaldiak eskaintzen.

2009ko urtarrilaren 26a
16:58
Entzun
Korrika Kulturala aurkeztu dute gaur Durangon (Bizkaia) AEK-ko arduradunek. Korrika 16.arekin euskararen aldeko lasterketak Euskal Herria zeharkatuaurretik, kulturari arreta berezia eskainiko diote Korrika Kulturala ekimenarekin. Datorren larunbatetik hasita, eta Korrika bukatu arte (apirilaren 5ean) ehunka ekitaldi izango dira Euskal Herrian barrena. Hainbat musikari, antzezle, pailazo, poeta eta abarrek hartuko dute parte Korrika Kulturalean. Horri hasiera emango diona Benito Lertxundi izango da, hilaren 31n Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian eskainiko duen kontzertuarekin.

Gainerako ekitaldietan batzu-batzuk nabarmentzearren, hauexek aipatuko ditugu: Edorta Jimenez idazleak atondutako Mirande Kabareta ikuskizuna (Jon Mirande idazle zenaren bizitzako pasarte bat abiapuntu); Piarres Larzabalek 1968an argitaratuako Ibañeta antzezlana; bertsoa eta antzerkia lortzen dituen Erregea eta Bufoia ikuskizuna, tokian-tokiko egoeretara egokituko dena eta aldatzen joango den bertsolari batekin.

Horrez gain, bertsolaritza, hip-hop-a eta multimedia uztartuko dituen Anitzak Hitzak musika ikuskizuna, Betagarri taldearen (Korrika 16-ren kantuari musika jarri dio) kontzertuak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Piratak umeentzako ikuskizuna, Zirko Ttipia taldearen Karrika Korri lana, eta Kukai taldearen Soka emanaldia (dantza garaikidea eta perkusioa uztartzen dituena) dastatu ahal izango dira datozen asteotan.

Korrika Kulturala, Korrikaren osagarri

“Euskal kultura bultzatzea eta euskara gizartearen esparru guztietara eramatea beti izan dira AEKren helburuak. AEKren konpromisoa hamaika egitasmo eta ekitalditan gauzatu da orain arte eta horietako bat da Korrika Kulturala ere", halaxe definitu ditu gaur AEK Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinadorak Korrika Kulturalaren nondik-norakoak.

AEKren ustez, "egokia eta bidezkoa" da Korrikari esker lortzen diren diru "baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarten baina gizarte-onura bilatzen duten ekimenetan inbertitzea". "Ondorioz, euskarazko arte eszenikoak bultzatu, euskal sortzaile berriei bidea egin eta Korrika kulturalean zein bestelako kultur ekimenetan jendaurrean aurkez daitezkeen lanak sortzen laguntzea du xede Korrika kulturalak”.

Aurtengo Korrika Tuteran (Nafarroa) hasiko da, martxoaren 26an, eta Arabako hiriburuan, Gasteizen, amaituko da, apirilaren 5ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.