Martxoaren 14tik 24ra egingo dute Korrikaren 18. edizioa, Andoaindik (Gipuzkoa) abiatu eta Baionan amaituta. Horrez gain, ordea, AEBetan bat egingo dute euskararen aldeko ekimenarekin.
Boiseko euskaldunak Basque Run/Walk Korrika ekitaldiaren aurtengo edizioa ari dira antolatzen, AEK euskaltegien koordinakundeak Euskal Herrian egiten duen euskararen aldeko lasterketarekin batera. Martxoaren 9an egingo da Idahoko hiriburukoa, eta bertan biltzen den dirua AEBetako euskara irakasleen trebakuntzan laguntzeko erabiliko da.
Lasterketa Boiseko Basque Center-etik abiatuko da. Irteeran, Txatxangorriak taldeak kontzertu bat emango du, Oinkariko dantzari batek aurreskua dantzatuko du, eta umeentzako jokoak egingo dituzte. Boiseko alkate Dave Bieterrek emango du irteera. Lasterketa amaitu eta gero, bazkari bat egingo dute euskal etxean.