Korrika 18ren omenaldi jaia eta bideoa aurkeztu dituzte gaur goizean, Bilbon. “Korrika 18k zabaldu nahi duen mezuan euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa dela diogu. Elkarrekin bizitzeko, elkarrekin hitz egiteko, elkarri entzuteko eta elkar ulertzeko tresna da. Alde horretatik, euskara ikasleek elkarbizitzari egin dioten ekarpena oso-oso handia da”, azaldu du Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak.
Larunbat honetan Usurbilen (Gipuzkoa) egingo dute Ikasleen Jaia, eta, horretarako, "txotx erraldoia" antolatu dute. Goizean kale animazioa izango da, trikitilarien eta txarangen eskutik. Eguerdiko ordu batean bertsolariak arituko dira, eta, kupelen irekierarekin, bazkaria egingo dute; arratsaldean egingo dute omenaldi ekitaldia.
Bertan izango dira aurtengo Korrikaren bideoko protagonistak, euskara ikasleak, alegia. Ostean, erromeria, kantu jira eta Esne Beltzaren kontzertua izango dituzte Usurbilen. Esne Beltza da Korrika 18ren abestia egin duen musika taldea.
Korrikarako egin duten eta gaur aurkeztu duten bideoan, euskara ikasleak eta Euskal Herriko hainbat pertsona ospetsu ipini dituzte elkarrekin solasean. Eriz Zapirain bideoaren egileak esan duenez, euskarari buruz zein beraien zaletasuei buruz hitz egiten dute bideoan. “Euskara elkarri emateko ahaleginean egin dituzte solasaldiak”, azaldu du Edurne Brouard Korrika 18ren arduradunak.