Ohi bezala, Korrika hasteko astebete eskas falta denean, Edurne Brouard Korrikako koordinatzailea eta AEKko beste hainbat ordezkariek, Euskal Herriko euskaltzale ezagunak gonbidatu zituzten, euskararen aldeko martxari atxikimendua eman ziezaioten. Inork ez zion hutsik egin deialdiari eta, iluntzerako, Plaza Berrian jende andana bilduta zegoen, Euskaltzaindiaren egoitzaren ateen aurrean.
Arlo eta esparru guztietako lagunak bildu ziren ekitaldian: idazleak, polikariak, irakasleak, kazetariak, sindikatuetako ordezkariak eta kirol mundukoak. Guztiek zuten euskararen aldeko jaialdiari buruzko zer esanik. Ikastolen konfederazioko lehendakari Koldo Tellituk euskal curriculumaren eta hezkuntzan euskarak izan behar duen lekuari buruzko testuinguruan abiatuko den Korrika dela gogorarazi zuen: «Euskara hizkuntz akademikoa bakarrik ezin dela izan esan dugu beti, eremuak irabazi behar ditu eta kalea irabazteko Korrika lanabesik eraginkorra da».
Emakumeak omentzen ditu aurtengo Korrikak eta, horren harira, emakumezkoek euskararen alde egin duten lana nabarmendu zuen Bilgune Feministako izaskun Guarrotxenak: «Euskararen transmisioan Euskal Heriko emakumeek izan duten garrantzia aitortzeko modua da. Guretzat oso pozgarria da, ikustarazteko zer nolako papera bete dugun herri honetan».
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Sustapenerako zuzendari Gotzon Loberak, bestetik, hizkuntza bultzatzeko beharra erakundeena eta herritarrena dela nabarmendu zuen: «Administrazioak egindakoa gizartearen babesa beharrezkoa du, bien arteko lana da». Andres Urrutia euskaltzainburuak, horren harira, «erakundeek eta legeek euskara sustatu eta babesteko ardura» dutela ohartarazi zuen. Era berean, «arlo, esparrru eta erabilera guztietan sustatu beharra dagoela» gaineratu zuen. Izan ere, pentsamolde guztien gainetik, euskara «gure ezaugarria da, kultura baten eramailea da, izan da eta izan behar da etorkizunean. Horretarako, euskaldunok dugu hitza».
KORRIKAREKIN BAT. Euskal kirol talde guztietako ordezkariek Korrikan beti parte hartzen dutela esan zuen Euskadiko selekzioko hautatzaile Jose Angel Iribarrek: «Sasoian daudenez, bidearen tarterik zailenak egin ahal dituzte, aldapa handikoak eta gauekoak». Aktoreek ere, euskararen aldeko martxarekin bat egiten dutela azaldu zuen Patxo Telleriak eta, berak, Korrikarekin zor handia duela aitortu zuen mikel Martinez lankidea ondoan zuela: «Eszenatokietan trufa egin diogu askotan Korrikari eta, horregatik, kilometroren bat egin beharko dugu penitentzian».
Korrika 15eko bideoa ikusi eta martxoaren 22ra arteko atzera kontaketa jai giroan egiteko, beste lagun asko bildu zen Bilbon, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika, Gotzon Barandiaran, Anjel Zelaieta eta Lutxo Egia idazleak, Batasuneko Jone Goirizelaia, Marije Fullaondo eta Joana Regueiro, Bingen Zupiria ETBko zuzendaria, Bizkaiko Aldundiko diputatu Belen Greaves, Lagun Aro Bilbao Basketeko Eduardo Castañeda, Jon Enbeita, Estibaliz Esteibar eta Iñaki Murua bertsolariak, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria eta Bilboko Udaleko euskara zinegotzi Ana de Castro, beste askoren artean.
«Euskara gure ezaugarria da, kultura baten eramailea da, izan da eta izango da etorkizunean»
andres urrutia
euskaltzainburua
«Euskararen transmisioan emakumeek izan duten garrantzia aitortzeko modukoa da»
izaskun guarrotxena
bilgune feminista
«Euskarak eremuak irabazi behar ditu eta kalea irabazteko Korrika lanabes eraginkorrena da»
KOLDO TELLITU
ikastolen konfederazioko lehendakaria
Korrika atzerrian
24
Bartzelonan. Martxoaren 24ean Korrikursa deituriko ekitaldia antolatuko dute Bartzelonan. Herri bazkaria, castellers-ak, triki-poteoa eta Ene Badaren kontzertua izango dira, besteak beste.Madrilen. Hilaren 24ean Madrilgo Lehenengo Korrika Eguna antolatu du Madrilgo Euskal Etxeak. Eguerdiko 12:00etan txupinazoarekin emango diote hasiera Korrikari, eta kilometro bateko ibilbidea egingo dute. Ondoren, herri bazkaria egingo dute euskal etxean.
Ezker-Batua Berdeakek babesa eman dio Korrikari
Azken egunotan hainbat alderdi politikok egin duten bezala, Ezber-Batua Berdeak alderdiak babesa eman dio Korrika 15i. Mikel Arana EB-Berdeak taldearen presidentzia bozeramailearekin eta Julia Madrazo Bilboko Udaleko EB-Berdeak taldearen bozeramaile eta Hirigintza zinegotziarekin bildu ziren atzo goizean Bilboko EBren egoitzan Edurne Brouard Korrika 15aren arduraduna eta Mertxe Mugika AEKaren koordinatzaile nagusia. Aipaturiko bileran Korrikaren nondik norakoak azaldu zizkieten AEKko kideek, eta EB-Berdeakeko ordezkariek, berriz, eure atxikimendua adierazi zioten Korrikari. Atxikimendu zerrendarekin jarraituz, gaur Eusko Alkartasunak erakutsiko du berea, Gasteizen. Onintza Lasarekin eta Unai Ziarretarekin bilduko dira AEKko ordezkariak.edurne brouard Korrika 15eko koordinatzailea
«Dagoeneko, 30.000 kilometro egin ditu Korrikak euskararen alde»
M.C.Bilbo
Euskararen aldeko jaialdi ibiltariak dakarren lanaren erantzule nagusiena da Edurne Brouard. Korrika antolatzeak eta zabaltzeak «oraindik ere zaila» dela esan zuen atzo, besteak beste, komunikabide batzuek «aipatu ere egiten ez dutelako».
Euskararen mugetarikobat da Karrantza. Zergatik aukeratu zenuen Enkarterriko herri hau Korrikaren 15ari hasiera emateko?
Beti esaten dugu nonbait hasi eta nonbait bukatu behar dela Korrika, baina egia da, bestetik, zor historikoa dugula Karrantzarekin, Izan ere, inoiz ez da bertatik pasa gaur arte. Hurbildu ere ez gara egin eta hori kitatzeko ardura ezarri genion Korrika 15ari. Konpromisoak eskatzen ditugu Korrikan eta gurea ere bete behar genuen. Kostata abiatuko da aurtengo Korrika, bertan ez baitugu azpiegitura handirik. Baina inguru erdalduna bada ere, oso euskalduna ere badela badakigu eta herri osoa kalean izango dela badakigu.
Hamabosgarrena dagoeneko. Zenbaki borobila da. Kalkulatu al duzue, orain arte, Korrika guztietan egindako kilometroak?
Batez beste egun 2.000 kilometrotako Korrikak antolatzen ditugula esango nuke.Kontuan hartu beharko genuke hasierakoak laburragoak izan zirela. Gutxi gora behera, 1.700 ingurukoak izaten ziren. Horren arabera, dagoeneko 30.000 kilometro egin ditu Korrikak euskararen alde.
Erakunde publiko eta pribatu askok atxikimendua agertzen diote Korrikari. Korrikan parte hartzeaz gainera, egunerokoan euskararen aldeko benetako borondatea erakusten al dute?
Nik uste dut argazkiak agertzen diren guztiek Korrika lagundu nahi dutela. Ez nuke besterik pentsatu nahi ere. Hor daude erakundeak, alderdi politikoak eta bestelako elkarteak.
Bakoitzak jakingo du gero zenbaterainoko konpromisoak hartzen dituen.
Leloak, 'Heldu' ,esanahi ugariko hitza hautatu duzueaurtengo Korrikaren mezua zabaltzeko.
Bai. Korrika honek hainbeste gauza esan nahi zituenez, adiera anitzekoa erabili dugu. Heldu hitzak eutsi esan nahi du, oratu. Baina, aldi berean, iritsi eta hazi esan nahi du. Gure eginkizunarekin oso ondo jokatzen du horrek, helduak euskalduntzea baita gure lana.
Zaila al da oraindik Korrika badatorrela iragarri eta zabaltzea? Iristen al zarete iritsi nahi duzuen guztiengana?
Ez da erraza. Korrikak gero eta laguntza gehiago dituen arren, gero eta atxikimendu gehiago biltzen ditugun arren, komunikabideen eremua da oraindik gainditzeke dugun esparrua. Komunikabide askok kasu egiten diote Korrikari baina euskal hedabide batzuk ez diote jaramonik egiten eta, zeresanik ez, euskarazkoak ez direnak. Beste edonon egingo balitz, manifestazio erraldoia delako bakarrik, gehiago zabalduko lukete.
Iruñean bukatzeko arazorik izango duzue aurtengoan?
Bertan amaitu nahi dugula erabakitzen dugun unetik badakigu zailtasunak izango ditugula, indarrean dagoen alderdiak euskararen alde ezer egin ez duelako inoiz. Baina ez digute gainditu ezin daitezkeen oztoporik jarri. Edonola, jakin badakigu Iruñean ederki ospatuko dugula Korrika, oztopo guztien gainetik.