Kosovoren geroa erabakiko duen Parlamentua gaur aukeratuko dute

Independentzia aldarrika dezake legebiltzar horrek, hiru aste barru amaitzen baita NBEk eskualdearen estatusari buruzko erabakia hartzeko jarritako epea. Serbiarrek boikota egingo diete hauteskundeei.

2007ko azaroaren 17a
15:23
Entzun
Arantxa Elizegi

Albaniarren iragarpenak betetzen badira, gaur aukeratzen duten Legebiltzarra izango da Kosovoren independentzia aldarrikatuko duena. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak eskualdearen estatusari buruzko erabakia hartzeko jarritako epea betetzeko hiru aste besterik ez dira geratzen. Horiek hala, gaur egingo dituzten hauteskundeak erabakigarriak izango dira Kosovoko albaniar eta serbiarrentzat.

Inkesten arabera, ez dirudi orain arte agintean egon den (LDK) Kosovoko Liga Demokratikoak Gobernuan jarraitzea lortuko duenik. Azken asteotan, botoak eskuratzen saiatu dira LDK-koak alderdiaren sortzaile eta independentismoaren bultzatzaile nagusia izan zen Ibrahim Rugovaren aldeko ekitaldiekin. Baina ez dirudi saioek arrakasta izan dutenik. Kontuan izanda, hilabeteotan oinarrizko elikagaien prezioa bikoiztu egin dela, eta langabezia %75ekoa dela, ulertzekoa da herritarrak gobernua aldatzearen alde egotea.

Kosovo Askatzeko Armada talde armatuko buruzagi izandakoa, Hashim Thaci, da bozak irabazteko faboritoa. PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoaren hautagaiak bildu ditu jarraitzaile gehien, baina alde txikia ateratzen dio oso orain arte agintean egon den LDKri. Horiek hala, asko dira uste dutenak Rugovaren eta Thaciren alderdiek koalizioa osatuko dutela. Dena den, eta hala balitz ere, hautagaiek denbora beharko dute gobernu berria osatzeko. Ondorioz, litekeena da independentzia aldarrikatzeko data -abenduaren 10a-<\q>hainbat egunez atzeratzea.

SERBIARRAK BELDUR DIRA. Albaniarrek ez bezala, serbiarrek ez dute independentziaz hitz egin nahi. Gehiengo albaniarra izango duen gobernu berriak baztertuko dituen beldur dira. Horregatik, eta Serbiak eskatuta, boikota egingo diete gaurko bozei, eta, beraz, gehiengoa duten barrutietako kontrola galduko dute. «Ez dute ordezkaririk izango, eta ezta norengana zuzendu ere arazorik dutenean», dio Oliver Ivanovic buruzagi serbiar moderatuak. Haren iritziz, independentzia kolpe gogorra litzateke serbiarrentzat. «Probintziatik ihes egingo dute».

Belgradek ez du Kosovo galdu nahi. Prest dago eskualdeari autonomia zabala emateko, baina inolaz ere ez independentzia. Serbiako Gobernuak salatu du tamalgarria dela Kosovoko serbiarren bi heren errefuxiatu gisa bizitzen egotea, etxera itzuli ezinik.

Albaniarren arabera, ordea, serbiarrek bermatuta izango dituzte oinarrizko eskubideak, eskualdeak independentzia lortuko balu ere. Era berean, ohartarazi dute autonomiarik ez dutela onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.