Krisi ekonomikoaren irtenbidean zein aro politiko berrian feminismoak protagonismoa izan behar duela aldarrikatu zuten atzo Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako mobilizazioetan. Milaka andrek ibili zituzten Euskal Herriko hiriburuetako kaleak, feminismoa krisian ez dagoela agertzeko. «Krisi matxistari» izen-abizenak jarri zizkioten, eta eraldaketa soziala zein bakegintza prozesua feminista izango dela iragarri zuten. Sindikatuek goiza baliatu zuten protesta egiteko, eta iluntzean herritarrek hartu zieten lekukoa.
Arratsaldean ehun pertsonatik gora elkarretaratu ziren Baionako Herriko Etxearen aitzinean, Bortizkeria Sexistaren Aurkako Kolektiboak, SOS Homofobiak, Planing Familialek eta Emazteek Diote taldeek egindako deialdiari erantzunez. «Herrialde garatuetan legez bermatzen dira emazteen eskubideak, baina ikusten dugu legeak dioen hori ez dela errealitatean gauzatzen, gizon eta emazteen hilabete sariak ez direla berak, etxeko lanak ez direla berdintasunean banatzen, enpresetako, estatuko edo administrazioko erabakitze postuetan gutxiengoa direla emazteak», erran zuen Veronique Deladevezek, antolatzaileen izenean.
Emazteek pairatzen duten bortizkeria matxista salatu zuten elkarretaratzean, baita bortizkeria horren biktima diren emazteei harrera egiteko egiturarik ez dela ere. Emazteen eskubideak bermatzeko berdintasun irizpideak garatu behar direla azaldu zuen Deladevezek, generoen arteko bereizketarik egin gabe, ez legeetan, ez lege horiek gauzatzean.
Iruñean eguraldi hotzak hartu zituen Martxoaren 8ko Batzordeak antolatutako manifestazioan elkartu zirenak. Hala ere, ehunka pertsona atera zen karrikara, Feminismoak ez du atzera egiten. Gurekin jai dute leloa idatzia zuen pankarta baten atzean. Oihuekin eta aldarriekin berotu zuten giroa. Gazteluko plazan hasi zen manifestazioa, eta toki berean amaitu zen, Karlos III.a etorbidea, Merindadeen plaza, Vianako Printzea plaza eta San Ignazio karrika zeharkatu eta gero. Enpleguaren eta abortatzeko eskubidearen aldeko eta Elizaren esku hartzearen eta indarkeriaren aurkako oihuak egin zituzten.
Mezu guztien gainetik, dena den, bat nagusitu zen: «Feminismoa ez da krisian», erran zuen Martxoaren 8ko Batzordeko kide Oihana Lopezek. Egungo egoera ekonomikoa bidean atzera egiteko aitzakia dela salatu zuen, eta horrek emakumeari egiten diola kalte batez ere. «Krisiaren ondorioz, emakumeon tokia etxean dagoela entzuteko arriskua gero eta handiagoa da». Enplegu arloko murrizketek bezala gizarte esparrukoek, denek emakumea dutela jomuga adierazi zuen Lopezek. «Zaintzaren alorreko laguntzak murriztuz gero, emakumeon bizkar gelditzen da lana». Oraindik ere lan anitz badela egiteko, eta gaur egungoa ez dela berdintasun egoera nabarmendu zuen Lopezek. Egindako urratsak hutsean gelditzeko arriskuari aurre egiteko beharra nabarmendu zuen, eta horretarako tresna borroka feminista dela erantsi.
Bilbon, berriz, murrizketei bai esanez amaitu zuten manifestazioa. Baserritar, enpresaburu, garbitzaile eta obrako langilez jantzitako emakumeek, Afrika abeslaria lagun, eta Mamiki konpartsako perkusio taldearen erritmora, rap doinuak erabili zituzten murrizketei ongietorria adierazteko; baina ez gobernuak egiten ari diren murrizketei, baizik eta patriarkatuan, bankuetan, gastu militarrean eta monarkian egin beharreko murrizketei.
Jendetsua eta luzea izan zen Bizkaiko hiriburuko erdigunea zeharkatu zuen manifestazioa. Buruan Borroka feministak bizirik dirau eta Murrizketak gora eta behera, emakumeok kalera! leloak zituela, Moiua plazan hogei minutuko geldialdia egin behar izan zuten, martxako partaide guztiek plaza inguratzera heldu arte.
Arriagara iristean, mugimendu feministako kideek deitoratu zuten gizartean «kultura maskulinoak legitimatutako baloreak» lehenesten direla: etekin ekonomikoak, eraginkortasuna, oldarkeria, lehiakortasuna, garapena... Hala, «nazioarteko matxinada» egitera deitu zituzten munduko andre guztiak, «maitasunik eta bizitzarik gabeko gizartea eraldatzeko».
Goizean, sindikatuen tenorea
Emakumeen parte-hartzea eta lana kontuan hartuko dituen gizarte eta ekonomia eredu bat. Hori da beharerzkoena, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek atzo ohartarazi zuenez. Manifestazioa egin zuten LABeko kideek manifestazioa egin zuten PPNren egoitzaraino atzo eguerdian, Demokrazia eta justizia soziala. Emakumeok erabaki dugu. Zapalkuntzaren aurka eredu berri bat lelopean.
Egungo krisia gizarte zerbitzuen arloan eskuratutako lorpen guztiak bertan behera uzten ari dela salatu zuen Etxaidek. «Emakume gisa ez dugu aurreko ereduaren alde egiteko inolako arrazoirik, emakumeok esku hutsik uzten gintuelako. Oraindik ere, emakumeok egiten dugun lanak ez du behar duen onarpena jasotzen». Etxaidek burujabetasuna jo zuen aldaketarako giltzatzat: «Bertze gizarte eta ekonomia eredu bat eraikitzea da burujabetasunaren ardatza».
«Berdintasunaren aldeko borroka ez da erretorika, egunerokoa baizik». Hori esan zuen ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txiki-k, sindikatuak atzo Bilbon eginiko manifestaldian. ELAk «martxoaren 29ko grebari begira» ospatu zuen Martxoaren 8a. Bilboko Alde Zaharrean egin zuen protesta, merkataritzan lanean diharduten emakumeei elkartasuna adierazteko.
Donostian, berriz, 200 pertsona inguru batu zituen ESK sindiaktuak. Orain Inoiz baino gehiago, antolatu eta borrokatu leloa aurrean hartuta, sindikatuak kritika egin zien lan eta gizarte alorretan «berdintasunerako bidea oztopatzen duten egoerei». Krisi ekonomikoak desberdintasuna «sendotu eta areagotu» egin duela uste du ESK-k. Borroka egiteko eskatu zien herritarrei, bereziki emakumeei, arlo guztietan generoen arteko berdintasuna erdiesteko. Gasteizen, berriz, dozenaka pertsona batu ziren Andre Mari Zuriaren plazan, EILASek antolatutako protestan.
Martxoak 8. Emakumeen Eguna
«Krisi matxistaren» kontra
Krisi ekonomikoak genero desberdintasuna dakarrela ohartarazi dute herritarrek eta sindikatuek Emakumeen EguneanEraldaketa soziala eta bakegintza feministak izango direla adierazi dute manifestaldietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu