Martxoaren 8. Emakumeen Eguna

Krisiak krisi berdintasunean atzerapausorik ez egiteko eskatuko dute Iruñean

Emakumeen Eguneko protestara batzeko eskatu du Martxoaren 8ko Batzordeak; Gazteluko plazatik abiatuko dira

Martxoaren 8ko Batzordeko kideak atzo, Iruñean, osteguneko manifestazioaren berri ematen. BERRIA.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Abiada hartzeko» izango da emango duten atzerapauso bakarra. Emakumeen eskubideen arloan eta generoen arteko berdintasunerako bidean, ordea, ez dutela atzera egiterik onartuko adierazi dute Iruñeko Martxoaren 8ko Batzordea osatzen duten taldeek. Haien iritziz, krisi ekonomikoak «prekarioago» uzten ditu emakumeak, eta areagotu egiten du gizon eta andreen arteko ezberdintasuna.

Emakumeen Nazioarteko Egunerako, manifestaldira deitu du batzordeak. Etzi egingo dute, 20:00etan, Iruñeko Gazteluko plazatik abiatuta. Batzordeak atzo aurkeztu zuen protesta, Nafarroako hiribuan. Ohartarazi zuten emakumeen ekarpenik gabe ez dela izango justizia sozialik, eta aldarrikatu zuten borroka feminista ez dagoela krisian: «Borrokan jarraituko dugu emakumeen lan baldintzak hobetzeko, orain arte ez digutelako ezer oparitu».

Berdintasunerako bidean egindako urratsak txalotu ditu batzordeak, eta «eskuin atzerakoia» aurrerapauso horien aurka dagoela kritikatu: «Erabakitzeko eskubidea kendu nahi digute, emakumeok etxera itzultzea, familia ugariak izatea, sistemaren mesedetan jartzea». Abortuaren Espainiako 2010eko legea aldatzeko asmoa jarri dute horren adibide: «Argi utzi genuen [2010eko] legea ez zela nahikoa eta hutsune asko zituela. Baina, hobetsi beharrean, okertu egingo dute». Jada generoen arteko berdintasuna lortu dela diotenak ere kritikatu dituzte; emakumeen aurkako indarkeriagatik jarritako salaketa kopuruak erakusten du indarkeria hori «estrukturala» dela, batzordearen ustez.

Manifestazioarekin bat egin du, besteak beste, Astelehen Lilak taldeak. Nafarroako mugimendu feministaren gaineko dokumental bat aurkeztuko du datorren astelehenean, hilaren 12an. Mugimenduaren 35 urteko ibilbideari begiratu bat eman diote dokumentalaren bidez.

Adostasun ia erabatekoa

Nafarroako Legebiltzarrak bi adierazpen onartu zituen atzo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde. Ordezkaritza duten alderdi guztien babesa jaso zuen UPNk aurkezturikoak; Ezkerrarenak aurka izan zituen UPNko eta PPko parlamentariak. «Krisi ekonomikoaren ondorioz hartutako neurri guztiek izan dezatela generoan duten eraginaren gaineko txosten bat». Hori eskatu du UPNk, alderdiak berak aurkeztutako adierazpenean. Gainera, indarkeria matxistaren aurkako lorpen guztietan atzerapausorik ez emateko konpromisoa azaldu dute talde politiko guztiek.

Genero desberdintasunak ezabatzeko politiken aurrekontua handitzea ere onartu du legebiltzarrak, Ezkerrak hala proposatuta. Gainera, emakumeen parte hartze publikoa sustatzearen alde egin dute UPNk eta PPk ez beste alderdi guztiek. Ezkerraren ekimena «alderdikerian» oinarritzen dela uste dute, eta adierazpenak abortuaren alde egiten duela argudiatu dute ezezko botoa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.