Garapenerako laguntzak

Krisiaren eraginez behera egin dute GKEentzako diru laguntzek

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako erakundeen egoera aztertu du Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak. Murrizketek sektorera “segurtasun falta” ekarri dutela adierazi dute.

Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundearen agerraldia. MARISOL RAMIREZ, ARP
Asier Arrate Iruskieta.
2014ko uztailaren 29a
13:20
Entzun

Garapenerako laguntzarako diru sailek behera egin dutela salatu du Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak. Diotenez, azken urteetan krisiaren eraginez aurrekontuetan egindako murrizketen ondorioz gertatu da hori. 2010 eta 2013 arteko Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako GKEen egoeraren azterketaren emaitzak kaleratu dituzte gaur Bilbon. Azken 25 urteetan lankidetza erreferentziazkoa izan dela esan dute, baina aldatu egin da hori orain.  Egoera “asaldagarria” dela esan dute, eta adierazi erakunde publikoek ez dutela bete 2007ko Euskadiko lankidetzarako legea.

Aurrekontuaren %0,7 garapen lankidetzarako jarri beharko lukete erakundeek, lege horren arabera. 2012rako egon behar zuen indarrean neurriak, baina Mila Dominguez Euskadiko GGKEen koordinakundeko Bizkaiko ordezkariak azaldu du erakunde gehienak zenbaki horretatik urruntzen ari direla: “Ulertzen dugu krisiaren eraginez aurrekontuek behera egitea, baina ehunekoek ez dute zertan jaitsi”. Bizkaiko Foru Aldundiaren adibidea nabarmendu du: “2008an, krisia hasi zenean, garapenerako laguntzen ehunekoa %0,64 zen, baina 2014rako erdira jaitsi zen”. Gainontzeko erakunde publikoek antzeko joera dutela gogoratu du, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak ahalegina egin dutela ehunekoei eusteko. Era berean, Gasteizko Udalak azken urteetan izan duen jarrera kritikatu du Dominguezek, garapenerako laguntzek “gorabeherak” izan dituztelako eta horrek “segurtasun falta” ekarri duelako.

Arlo guztietan behera
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 86 GKEk parte hartu dute azterketan. Koordinakundeko Bizkaiko ordezkariak azaldu du “nabarmen” murriztu dela finantzaketa guztietan. Emaitzen arabera, adibidez, Hegoaldeko proiektuek 25 miloi euroko murrizketa izan dute. Horren ondorioz, lau proiektutik bat bertan behera utzi behar izan dute. Hego Amerika, Afrika eta Asiako herrialdeetara zuzentzen dituzte proiektuok. Dominguezek azaldu du Amazonia eta Afrikako zenbait eremu geografiko “abandonatu” egin direla. Gainontzeko arloetan ere, zenbakiek behera egin dute. Sentiberatze eta hezkuntza kanpainetarako, esaterako, 1,7 milioi euro gutxiago jaso dute. Erakundeen egituren barnean ere izan da beherakadarik. Behera egin du 2008tik hona langile teknikoen kopuruak eta horien lanaldiak.

Partaidetzak, gora
Arlo guztietan murrizketak izan badira ere, Dominguezek azaldu du “albiste onak” ere badaudela, boluntario kopuruak gora egin baitu urteotan. Gaur egun, 5.600 boluntario daude koordinakundeko erakundeetan, eta azpimarratu du lanean ari den gizonezko bakoitzeko 143 emakumezko daudela. Emaileetan ere igoera izan dela adierazi du, eta kasu horretan gizonezkoen kopuruak egin duela gora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.