Emakumeek jasaten duten krisia «egiturazkoa» dela eta «ikuspegi feministatik» heldu behar zaiola adierazi dute ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak. «Gizarte eta lan eskubideen murrizketa eteten denean, emakumeok jasaten dugun indarkeria ekonomikoa eteten denean eta emakumeon eskubide zibil eta politikoen ukapena eteten denean lortuko dugu Euskal Herri demokratiko eta parekidea», adierazi zuen atzo Maider Carrerek, lau alderdi horietako emakumeen izenean. Biharko egunari begira —Martxoaren 8a, Emakumeen Eguna— mugimendu feministak antolatutako manifestazioetan parte hartzera deitu dute. «Borrokan jarraitzeko arrazoi asko daude».
Lau alderdiek salatu dute krisiari aurre egiteko hartu diren neurri «neoliberalek» areagotu egin dituztela gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak. «Hartzen ari diren doitze neurriek emakumeengan dituzte ondorio larrienak».
Horren adibide jarri dute Espainiako Gobernuak onartu duen lan erreforma. «Lana eta familia uztartzeko zailtasunak ekarriko ditu, traba handiagoak izango baitira amatasun baimenak, lanordu murrizketak eta egun libreak hartzeko. Behin-behinekotasuna eta azpilanak areagotuko ditu, ordea».
Bide berekoa da, haien ustez, pentsioen erreforma. «Erretiroa hartu duten emakumeek gizonek baino gutxiago kobratzea ekarriko du. Gainera, urte gehiago kotizatu beharko denez, pentsioa jasotzeko aukera galduko dute seme-alabak edo mendekotasuna duten senideak zaintzeagatik denbora batez beren jardun profesionala eten behar izan duten andre askok».
Gainera, salatu dute soldaten izozteak lansari apalenei eragingo diela. «Kasurik gehienetan, emakumeek dituzte halako soldatak». Sektore publikoan langileak kontratatzeko orduan egiten ari diren murrizketak ere kezkaz ikusten dituzte. «Emakume kopuru handia dago langile publikoen artean, eta soldaten artean oreka gehien dagoen sektorea da».
Eremu publikoko murrizketen artean, gizarte politikei eta laguntzei lotutakoak dira, haien ustez, larrienak: berdintasun unitateen prekarizazioa eta oinarrizko errenten jaitsiera, adibidez.
Egoera horri ikuspegi feminista batetik aurre egin behar zaiola berretsi dute. «Neurriak hartzea ezinbestekoa da, generoen arteko desoreka areagotzen jarrai ez dezan». Euskal lan esparru berriak «ezinbestean» hartu beharko luke kontuan irizpide hori, adibidez.
Hartu beharreko neurriak
Egoera ikusita, neurri sorta bat proposatu dute ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak. Beharrezko ikusten dute neurri ekonomikoen ondorioak genero ikuspegitik aztertzea. «Bestelako neurriek ere txertatuta eduki behar dute genero ikuspegi hori».
Beste kontratu sozial bat ere aldarrikatu dute. «Enplegua, zaintza, boterea eta erabakiak partekatu behar dituzte gizon-emakumeek. Horrek izan behar du kontratu berriaren oinarria».
Erakundeetan berdintasun sailak indartzearen alde egin dute. «Funtsezkoa» iruditzen zaie sail horiei baliabide ekonomiko, legal eta teknikoak ematea. Zein esparrutan lan egin beharko luketen ere azaldu dute: hezkuntzan, lan munduan eta erakunde publikoetan.
Atzerritarren Espainiako Legea nahiz etxeko langileen erregimena aldatzea ere proposatu dute. «Etxeko langileek zein paperik gabe dauden emakumeek gainerako sektoreetako langileek dituzten soldatak, deskantsurako denbora eta Gizarte Segurantzak eskaintzen dituen babes neurriak edukitzeko eskubidea dute. Hori bermatu egin behar da».
Martxoak 8. Emakumeen Eguna
Krisiari ikuspegi feministatik aurre egiteko eskatu dute
Ezker abertzaleak, Alternatibak, Aralarrek eta EAk bat egin dute biharko emakume taldeek antolatu dituzten manifestazioekinSalatu dute krisiagatik hartutako neurriek andreei egiten dietela kalte gehien
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu