EAJk hauteskunde kanpaina "datu batekin" hasi zuen: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 164.139 langabeen datuarekin, Iñigo Urkullu jeltzaleen lehendakarigaiak urriaren 4an Sabin Etxean esan zuenez. Zehaztu zuen EAJren "lehentasuna krisialditik ateratzea" dela. Enplegua sortzeko ahaleginak egingo ditu alderdi jeltzaleak, "gazteei lan aukerak eskaintzeko". "Kudeaketa zorrotza, serioa, arduratsua eta gardena" egingo dutela ere agindu du. Hezkuntza, osasuna eta zerbitzu sozialak defendatuko dituela ere hitz eman du.
Zerga sisteman aldaketa batzuk egin behar direla dio EAJk, baina berretsi du Jaurlaritzak ez duela eskumenik izan behar; hots, orain arte bezala, erkidegoko hiru lurraldeetako batzar nagusi eta diputazioek izan behar dutela ahalmena.
EAJren neste lehentasun bat: "Bake prozesua sendotu eta betiko lortzea". "Bizikidetza" bermatu beharraz mintzatu da Urkullu kanpainan. Euskal presoen "bergizarteratzean" oinarritutako espetxe politika aldatzeko eskatu du.
EAJren beste ardatz garrantzitsu bat: "Euskadi nazioa Europan proiektua garatzea eta gauzatzea". Hori dela eta, EAEko "autogobernua handitu" egin behar dela aldarrikatu du Urkulluk, "indar guztien artean itun berri bat eginda". Erabaki eskubidea "erakundetu" egin nahi du; lehenik, legebiltzarreko taldeen artean akordioa lortuta, eta gero Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin hitzarmena eginda, azkenik 2015ean herritarrei aurkeztu eta erreferenduma egiteko.