Lan hitzarmenaren negoziazioak ez aurrera ez atzera, sindikatuek salatu dute Kristau Eskolak Espainiako lan ituna ezarri nahi diela langileei, oraingo akordioa baino nabarmen baldintza eskasagoetan. Gaur epaiketa dute Bilbon. Sindikatuek jarri zuten salaketa, patronalak aurreko ituna urratu duelakoan; langileen ordezkariek diote hitzarmenean adostu zutela beste itun bat egin arte aurrekoak indarrean segitzea, eta hori urratu duela patronalak.
Aurretik ere badute beste gatazka bat Kristau Eskolak eta langileek. 2010ean, langile publikoen soldatak %5 jaistea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, eta, bide horri jarraituz, Eusko Jaurlaritzak diru gutxiago bideratu zuen itunpeko sarera, hark soldatetan deskontua egitekotan. Langileek auzitara jo zuten, ordea, ez direlako behargin publikoak, eta arrazoi eman zien Espainiako Auzitegi Gorenak; dirua itzultzeko agindu zion auzitegiak patronalari.
Auzitegi atarian protesta egin dute, eta han iragarri dituzte protesta gehiago. Datorren astean, asteartean eta ostegunean, ordubeteko lanuzteak antolatu dituzte. Sindikatu guztiak daude bat eginda: ELA, CCOO, EILAS, LAB eta UGT. Gogorarazi dute irailaren 26an egindako grebak parte hartze handia izan zuela. "Baina, hala ere, apenas aldatu duen jarrera patronalak".
Berean jarraituko balu Kristau Eskolak, azaroan protesta gehiago egiteko asmoa dute, eta aste bat aipatu dute, azaroaren 25 eta 29 artekoa. Ez dute zehaztu, nolanahi ere, nolako protesta izango litzatekeen.