Kritikak jaso ditu Gernikako Akordioaren agiriak

Biktimei buruzko adierazpena ez dela «zintzoa» uste dute Aresek, PSEk eta EBk; EAJrentzat, «ahula da»

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
GernikakoAkordioaren sinatzaileek larunbatean egindako agerraldian gatazkarekin loturiko indarkeria guztiek sortu duten mina aitortu izanak eta haiekiko dolua agertu izanak erreakzio soka luzea ekarri du. Adierazpen hori ez dela aski uste dute alderdi gehienek. Bereziki ezker abertzaleari egin dizkiote kritikak. Igandean bertan, EAJk testua kritikatu zuen, «ahula» delako, eta PPk «50 urteko terrorismoa» justifikatu nahi izatea leporatu zion ezker abertzaleari.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak atzo adierazi zuen Gernikako Akordioaren sinatzaileek «lotsatuta» egon beharko luketela Aieteko Jauregian irakurritako adierazpenaren «anbiguotasunagatik». Haren esanetan, ezker abertzaleak urteetan «eragindako samina» aitortu beharko luke eta sufrimenduaren «erantzukizuna» bere gain hartu.

Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen aburuz, berriz, ez da «zintzoa» izan ezker abertzaleak biktimekin izan duen keinua. «Nahiago nuke ezker abertzaleak hamar urte barru barkamena modu zintzoan eskatzea, sinetsi gabe orain egitea baino». Egigurenek nahiago du gauzak «ongi» egitea, «arinegi» egitea baino: «Sinetsita eskatu beharko lukete barkamena, eta ez gizarteak eskatzen dielako bakarrik».

Ezker Batuarentzat ere «behartuegia» da ezker abertzalearen jarrera. Gainera, ez du uste Aieten irakurritako adierazpena «nahikoa» denik, ETAk eragindako saminaren aurrean ez duelako «gertutasunik» erakusten eta sufrimendu hori «leuntzen» saiatzen delako.Jesus Navas EBko eledunarentzat, ezker abertzaleak ez du sinesgarritasunik, ez duelako bere gain hartzen sufrimenduan izan duen «erantzukizuna». Jarrera horrek normalizazio politikoa eta adiskidetzea «oztopatzen» dituela iritzi dio.

Aralar, pozik

Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak, ordea, txalotu egin du Gernikako Akordioak kaleratu duen adierazpena: «Orekatua, zuzena eta demokratikoa da.Denboran iraungo duen testua da». Adierazpenaren «balio etikoa» azpimarratu du, biktima oro aintzat hartzen dituelako, eta normalizazio politikoan «urratsa» delako. Aralar «oso pozik» dagoagiriarekin, haren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.